GARA
IRUÑEA

Baztan ikastolak hobekuntzak egingo ditu, Elizondon bildutako diruari esker

Datu guztiak mahai gainean, orain bi aste Nafarroa Oinez antolatzeko ardura izan zuen Baztan ikastolak ondo xehatutako balorazioa egin zuen atzo. Azaldu zutenez, jasotako diruarekin eraikineko leihoak berritu eta isolamendua hobetu ahal izango dute. Horrez gain, Haur Hezkuntzako eraikinean sabaia goratu eta zorua aldatuko dute, azken hau termitaz josita dagoelako, adierazi zutenez. Aldi berean, Lehen Hezkuntzako eraikineko patioan estalpea paratuko dute, euria egiten duen aldi oro haurrak busti egiten direlako. «Aurten estalpea emanen diegu, euskarari estalpea eman dieten eta diozuen guzioi esker», eskertu zuten.

Edizio honetan jasangarritasunaren alde egindako apustuak ere eman ditu fruituak. «Energia berriztagarrietan, garbitasunean eta birziklapenean egin dugu lan eta aurtengo emaitzak arras onak izan dira», esan zuten. «Markak hautsita», inoiz baino gehiago birziklatu da: bildutako 6,7 tonetatik 5,7 birziklatzea lortu zen, hau da, bildutako hondakinen %84,6.

Ospakizun egun hori gertakari batek soilik belztu zuen, 4. gunearen inguruan jazo zen ustezko sexu erasoak, hain justu. Adierazi zutenez, honek hausnarketa nahitaezko egiten du baina, aitzitik, antolatzaileen arteko harremana estutu duela erantsi zuten.

Atzoko agerraldian aurkeztu zuten datorren urteko Nafarroa Oinez ere. Estreinakoz, bi ikastolak elkarlanean antolatuko dute hurrengo edizioa: Vianako Erentzun ikastolak eta Lodosako Ibaialde ikastolak, hain zuzen. Biak ala biak Ebro ibaiaren mugan daude.