Maider Lopezek azken hamarkadako lanak jarri ditu ikusgai
Maider Lopezek Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean bildu ditu azken hamar urteotan egindako artelanak. «Tokialdatu/Desplazamiento» erakusketa otsailaren 6ra arte ikusi ahal izango da.

“Tokialdatu/Desplazamiento” Koldo Mitxelena Kulturunerako propio prestatutako erakusketa da. Donostiar artistaren lanik ezagunenak –“Ataskoa” (2005), besteak beste– zein berrienak –Istanbuleko Biurtekorako eta Turkiako Cappadocia Struckerako eginak– ikus daitezke bertan.
Erakusketa osatzen duten artelan horiek harremanetan eta solasean jarri nahi izan ditu donostiar artistak. Azken hamarkadako bere ibilbideari errepaso egiten dio ekimenak. Baina ez hori bakarrik. Lopezek erakusketa bera interbentziotzat jotzen du. Izan ere, hormak bikoiztu egin ditu. Hormen ohiko egitura aldatu du, 50 zentimetroko pareta berriak eraikiz. Modu horretan erakusketa gunearen espazioaren pertzepzioa aldarazi du, eta, horrekin batera, ohiko ikuskera eta ibilbideak. «Horma berri horiek espazioa birpentsatzera eramaten gaituzte, aretoaren erabilera eta pertzepzio dinamika hautsiz, ikuspegi berriak sortuz eta ohikoak ez diren ibilbideak eta zirkulazioak eraginez», azaldu du Lopezek.
Zalantzan jarri
Lopezen arte ekoizpenaren ardatza horixe da, errealitate eta egia finkatuak zalantzan jarriz, gizakiaren eta espazioaren arteko harremanen inguruko esperimentazioa eta gogoeta sustatzea. Bere interbentzio artistikoetan jende multzo handiak hartu ohi du parte.
Koldo Mitxelenara joaten den bisitariak argazkiak, bideoak eta bestelako materialak aurkituko ditu. Herbehereetan ubide batek zeharkatzen duen futbol zelaia ikus daiteke, esaterako, baita Madrilgo erdigunean, kalean, jarritako aulki multzoa ere. «Ingurunearen eta egunerokoaren eraldaketak dira. Gizakiok gauzak eta ohiturak aldatzeko eta joko arau berriak sortzeko daukagun gaitasuna erakusten dute», Lopezen iritzian.
Lan horien artean, datorren urtean Donostia 2016 egitasmoaren barruan hirian ezarriko duen instalazio baten gaineko informazioa ere bada. “Iturriak” izenburupean urtebetez egongo da Ondarretan. Bere lekutik kendutako eta baliorik gabe utzitako altzari publikoei buruzko lana izango da, bereziki iturriei erreparatuko diena, Lopezen esanetan.
Vigoko Marco arte garaikideko museoarekin batera ekoitzi du erakusketa eta 2016ko ekainean museo horretara tokialdatuko da.

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

«Necesitamos la foto más completa posible de la tortura sistemática»
