Oposizioan egoteko urratsak egin ditu eskuin portugesak
Portugaleko Gobernuan dauden eskuineko bi alderdiek, PSD Alderdi Sozialdemokratak eta CDS Zentro Demokratiko eta Sozialak, oposizioan egongo direla onartzen dute eta horri begira urratsak egin dituzte.

Eskuinekoek bi talde parlamentario izango dituzte Portugaleko Parlamentuan hasi berri den agintaldian, datorren astean ezkerreko hiru indar politikoek bat egin eta agintetik kanpo utziko dituztelakoan hartu duten erabakiaren arabera.
Portugal Aurrera koalizioa osatu zuten bi alderdi horiek urriaren 4an egin ziren hauteskundeetarako. Pedro Passos Coelho lehen ministroa zen beren hautagaia eta hauteskundeak irabazi egin zituzten, baina gehiengo osoa lortu gabe. Hala ere, Anibal Cavaco Silva presidenteak Passosi esan zion Gobernu berria osatzeko.
Baina ezkerrak eskuinak baino eserleku gehiago ditu. Antonio Costaren PS Alderdi Sozialistak dagoeneko iragarri du eskuinekoen Gobernuak aurkeztuko duen programaren aurkako botoa emango dutela. Bozketa garrantzitsu hori datorren astean egitekoa da.
Begiraleek diote PSk Ezkerreko Blokearekin eta PCP Portugaleko Alderdi Komunistarekin bat egingo duela. Beraz, ezkerreko gobernu bat osatzeko ez lukete arazo handirik izan behar. Horixe uste dute eskuineko indarrek eta horrexegatik erabaki dute bi talde parlamentario osatzea, “Publico” egunkariak emandako informazioaren arabera. Edonola ere, bi taldeek koordinatu egingo dituzte beren ekimenak Parlamentuan.
Ezkerreko gobernu bat izateko aukera ez da herritar guztien gustuko. Batzuentzat «aukera historiko bat» da, baina beste batzuek uste dute bide horretatik hondamendia baino ez zaiola iritsiko herrialdeari.
Cavaco Silva presidentea azken horietakoa da. Berarentzat garrantzitsuagoa da «merkatuek» esaten dutena herritarrek adierazten dutena baino. «Europar Batasunaren eta eurogunearen arauak beti bete behar dira», esan zuen, bestelako biderik izango ez balitz bezala. Bere ustez, Bruselak ezarritako konpromiso ekonomikoak betetzeak eragingo luke inbertitzaileek eta merkatuek herrialdearekiko duten konfiantzari eustea.
Sozialisten zalantzak
Catarina Martins Ezkerreko Blokeko eledunak igandean agindu zuen «herrialdea suntsitzen ari den» eskuinekoen politikari amaiera jarriko diotela. Greziako Syrizarekin eta Estatu espainoleko Podemos alderdiarekin bat egin izan duen blokeak botoen %10,2 lortu zituen bozketetan. PSk, berriz, %32,3, eta komunistek, %8,3. Portugal Aurrera eskuinekoen koalizioak botoen %38,6 bildu zituen.
PSri botoa emandako herritarren artean guztiak ez datoz bat. Batzuek uste dute sekulako akatsa dela komunistekin bat egitea, horiek sozialistei traizio egingo dietelakoan, Ana Almeida 55 urteko irakasleak esan duen moduan. Baina Joana Ramos 61 urteko dendariak esan du komunisten laguntzarekin Costak «justizia soziala ekarriko duela berriz Portugalera».
Austeritate egitasmoek herritarrengan eragin dituzten kalteei aurre egitea da ezkerrekoen asmoa. Pentsioak asko murriztu zituzten eta badirudi arlo horretan zer egin dagoeneko adostu dutela PSk eta Blokeak: txikienak 2016an igoko dituzte eta gainerakoak, aurrerago. Gutxieneko soldata ere igoko dute, eta funtzio publikoan astean 35 orduko lanaldia ezarri. «Ezinezkoa da hori», diote eskuinekoek.

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

«Necesitamos la foto más completa posible de la tortura sistemática»
