Gatazkaren kalibrea
Gaur bost aste, urriaren 7an, Kaspiar itsasoko armada errusiarrak 26 Kalibr gurutzaldi-misil, estatubatuarren Tomahawken paretsuak, jaurtiki zituen Siriako Raqqa, Idlib eta Aleppo inguruko jopuntuetara. Kopuruak borobilagoa izan behar zuela iruditzen zitzaielako-edo, iturri estatubatuar ezezagunek zabaldu zuten 30 zirela benetan jaurtikiak, baina bidean erori zirela lau; errusiarrek, noski, ukatu egin zuten halakorik.
Berriketa horiekin eta antzekoekin entretenituta, inor gutxik azpimarratu zuen orduan eraso haren benetako «kalibrea»: 30 milioi euro baino gehiagoko «su-festa» hori askoz merkeago –eta askoz eraginkorrago, seguruenera– egin zitekeen jada Latakiako hegazkin basetik Errusiak jardunean zituen Su-34, Su-25 eta abarrak erabiliz... baldin eta helburua izan balitz Siriako matxino islamista ezberdinen gordetegiak kolpatzea.
Hori aitzakia besterik ez zela susmatzeko motiborik ere bazen, ordea. Adibidez: erasoaren berri eman zuten iturri ofizial errusiarrek oso argi adierazi zuten jaurtikitako misilek 2.500 kilometroko irismena zutela. Siria baino bastante harago joan zitezkeela, alegia. Arabiar penintsularen azken muturreraino, esate baterako.
Gaztiguaren benetako hartzailea, agian, Siriatik harago egongo zen; baina, jakina, Siriako gatazkan kokoteraino sartuta... Errusia bera bezala, baina aurka.
Gauzak horrela, Metrojet 9268 hegaldiaren eraispena (urriaren 10eko Ankarako sarraskia bezala) «elkarrizketa» bortitz eta gaizto horretan beste «esalditxo» bat izan daitekeela pentsatzeko motibo eta aztarna gehiegi daude. Vienako jauregi dotorean kazetarien aurrean egindako bileren ifrentzu makur eta odoltsua dira, segur aski.
Sirian eta Iraken gorian dabilena eskualde osoko gerra dela nahiko argi dago jada edonorentzat. Gatazka horren «kalibrea» zein den ikusi behar da orain. Hau da, gudulari bakoitza (eta ez soilik, ezta ere nagusiki, agerikoak) noraino iristeko gai den (edota prest dagoen).

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
