Gerla egoera
Larrialdi egoera luzatzea erabaki du Senatuak, Parlamentuaren ondoren. Ia-ia erabateko onespena frantses ordezkarien aldetik. Denak ados, batuak, egoerari aurre egiteko eta salbuespen neurriak harturik. Mugak hetsiak. Poliziek lanetik kanpo ere armak eramateko baimena. Hauek dira lehen neurriak, beste asko etorriko. Atentatuetan hildakoen ondotik lehen biktima demokrazia izanen da, askatasunak eta giza eskubideak.
Beldur naiz egun hauetan hitzek balio gutxi daukatela. Emozioak erabiltzen dira. Alta, gobernu honek gerlan aritzeko erakutsi duen nahikeriak erantzuna izanen zuela pentsa zitekeen. Informazio iturri aski dituzte horretaz zerbait jakiteko! Orain hor daude denak doluminak ematen, kanpo arazoetako politika ez delarik zalantzan eman. Obedientzia zibil handia! Orain eromena abian da. Gerlan sartzea erraza baita, ateratzea oso zaila izanen da. Politikaren garaia ez da, akordio politikoetara itzultzeko denbora asko beharko da, Frantziak argi baitu Estatu Islamikoa suntsituko duela. 1914an hiru asterako gerla hasia zutela zioten, lau urte luze iraun zuen eta milaka gazte gelditu ziren han, zergatik jakin gabe, ez bazen kapitalista batzuen interesen zerbitzurako.
Petrolioa, gasa, han daude; oztopoak erditik kendu nahian abiatu da Frantzia Siriara. Gaur frantses gazte batzuek erantzuten diote gerla horri. Haien motibazioen ulertzea zaila da, baina Frantzian sarraskien egiteko prest daude, hastapena dela ematen du. Frantziak determinazioarekin erantzun nahi du, baina bonbari bonbarekin erantzuten zaiolarik sarraskiak dira emaitzak, herritar soilentzat. Horretan gaude. Frantses armadan sartzeko eskaerak emendatu dira, era biderkatuan azken egunetan, frantses nazionalismoa gora Euskal Herrian ere. Ez da dudarik atentatuen ondotik Estatu Islamikoarengana gazte asko hurbilduko direla laguntza eskainiz. Horrela da gerla egoera.
Euskaldunak? Toki gutxi geldituko zaigu gerla politika horren erdian. Sei preso epaitzen dituzte Parisen. Epaileen erabakian gertakarien itzala egonen dela pentsa daiteke. Giza eskubideen gaiaz ez da gobernutik luzaz hitz eginen.

De la lucha anti-ETA a la UCO, un camino muy transitado

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio
