24/11/2015

Crónica
KLIMAGUNE WORKSHOP
KAZETARI ETA IKERTZAILEAK INDARRAK BATZEN, KLIMA ALDAKETAZ OHARTARAZTEKO

PARISEN DATORREN ASTELEHENEAN ABIATUKO DA KLIMA ALDAKETARI BURUZKO GOI-BILERA. HITZORDUAK KOMUNIKABIDEETAKO LEHEN LERRORA EKARRIKO DU KLIMA ALDAKETAREN GAIA, BAINA ZEIN ZENBAKI ETA MODUTAN? ZIENTZIALARI ETA HEDABIDEEN ARTEKO HARREMANA HARTU ZUTEN HIZPIDE ATZO BASQUE CENTRE FOR CLIMATE CHANGE-K ANTOLATUTAKO JARDUNALDIAN.

Maider EIZMENDI
1124_p014_unai

«Aldaketa klimatikoa hedabideek ezinbestean ukitu behar duten istorioa handia da»

Gaian trebatuak diren ikertzaileek argi dute; %97-98 ados daude klima aldaketa errealitate bat dela eta fenomeno honetan pertsonon eragina funtsezkoa dela. Herritarren artean egiten diren inkestetan ez da, ordea, ez baieztapena, ez eta eraginaren eta ondorioaren arteko erlazioa ere, modu berean sumatzen. Hala aipatu zuen Bienvenido Leon Nafarroako Unibertsitateko ikertzaileak Klimagune Workshop jardunaldietan eskaini zuen hitzaldian. Deigarria den beste datu bat aipatu zuen: Interesei buruzko inkestetan, klima aldaketaren gaineko kezka %0,2k baino ez zuten agertzen.

Bere esanetan, ikertzaileek erakusten duten kezka gizarteari helarazteko oinarri-oinarrizkoa da komunikabideen lana. Baina nolako tratua ematen diete hedabideek aldaketa klimatikoaren gaineko gaiei? Leonek esaldi bakar batean laburbildu zituen ikerketa baten baitan bildutako ondorioak: «Hedabideek eta aldaketa klimatikoak ez dute elkar topatzen». Zenbakiei erreparatu zien Leonek, eta 2006 eta 2011. urteak aintzat hartzen zituen ikerketa bat kontuan izanda, aipatu zuen klima aldaketari buruzko albisteak Estatu espainoleko telebista kate nagusietan %0,19ra baino ez zirela iristen. Ikertzaile eta kazetarien artean egindako inkestekin aberastu zituen zenbaki horiek, batzuek eta besteek nabarmendutako zailtasunak adierazita.

Diagnosia ez ezik, aurrera begira zientzialariek euren ikerketa eta ondorioak komunikabideen lehen lerroetara eta ondorioz herritarrengana eramateko gomendioak ere eman zituen irakasleak: «Komunikabideak eta euren funtzionamendua ulertu behar da informazio interesaren arauak ulertuta; aldaketa klimatikoa gerturatu behar da, fenomenoak egunerokoan ekar ditzakeen eta sortzen dituen aldaketak mahaiaren gainean jarrita; ulermenerako bidea erraztu behar zaie, berritasuna eta sinpletasuna garrantzitsu direla ulertuta».

Komunikabide eta ikertzaileek elkar ulertzeko neurriak behin eta berriz nabarmendu zituen; izan ere, «aldaketa klimatikoa hedabideek ezinbestean jaso behar duten istorio handia da».

Parisek eskainitako plaza

Komunikabideen eta aldaketa klimatikoaren gaineko albisteak sakontasunez aztertu ditu bere ibilbidean Maxwell T Boykoff Centre for Science and Technology Policy Research zentroko ikertzaileak. Arrazoi hori dela medio, gaia jorratzen duten artikuluetan sarri aipatzen den egilea da. Bilbon izan ostean Londresen du ikertzaile amerikarrak hurrengo geltokia, baina hitzordurik garrantzitsuena, zalantzarik gabe, Parisekoa du. Horren harira, Estatu frantseseko hiriburuan egingo den goi-bilera aldaketa klimatikoari buruzko albisteak zabaltzeko «paregabeko» plaza izango dela aitortu zuen. «Aldaketa klimatikoaren bueltan jarriko dira fokuak eta horrek aukera paregabea ematen digu alor honetan garrantzitsuak diren gaiak jorratzeko: adaptazioa, mitigazioa...», aipatu du. Bilera eta bertan aipatuko direnak testuinguruan kokatzea oinarrizkoa dela uste du, baina: «Hamar egunetan ez da goitik behera ezer eraikiko, ez eta ez ezer suntsituko ere, aldaketa klimatikoaren inguruan urteak daramatzagu lanean eta oraindik ere bide luzea dugu egiteko; goi-bilera pauso bat da».

Boykoffen esanetan, kazetariek askatasuna eta prestakuntza behar dute klima aldaketaren eta oro har zientziaren gaineko albisteak zuzen emateko; eta zientzialariek, berriz, dibulgazioaren premiaz jabetu behar dute: «Puntako ikertzaileek, arlo honetan erreferente direnek, ez dute dibulgatzeko premia beren egiten; egin behar dute, eta euren lengoaia egokitu, eraginkortasun handiagoz komunikatzeko».

Parisko hitzorduaz aritu zen, halaber, Unai Pascual Klimagune Workshopeko koordinatzaile orokorra. «Zientzialariok konturatu gara egin dezakegun zientziarik hoberena egiten badugu ere, hori gizarteratzeko bitartekorik garrantzitsuenetarikoa komunikabideak direla», eman zuen aditzera, sarri komunikabideek ez dituztela zientziaren gainekoak eurek nahiko luketen moduan komunikatzen aipatzearekin batera. Hori buruan hartuta, «horrelako bilkura bat egiteko asmoa aspaldidanik generabilen buruan, baina Parisko Goi Bilerak hartuko duen garrantzia ikusita, komunikabideen eta zientzialarien arteko elkarrizketa eta lanketa eremu hau antolatzeko une ezin hobea zela pentsatu genuen», arrazoitu zuen. Eta ideietatik paperera, nola landu beharko lukete komunikabideek aldaketa klimatikoa? «Informazioari zientzialari gisa zorroztasun zientifikoa eskatzen diogu, sentsazionalismoetan eta katastrofismoetan erori gabe. Arreta katastrofeetan jartzen baldin badugu, jendeari pentsaraziko diogu ezin duela ezer egin klimaren aldaketa saihesteko eta hori ez da igorri nahi dugun eta igorri behar den mezua. Badira datu eta ekintza zehatz interesgarriak eta horiek modu sinplean azalduta, jendeari ulertaraziko diogu guztiok dugula erantzukizuna eta nork bere mailan eragin dezakegula irtenbideak bilatzeko», kontatu du.

Klima aldaketaren «nonahikotasunaz» ere mintzatu ziren jardunaldietara bertaratutako ikertzaileak, tartean, zientzialarien mahai inguruan parte hartu zuen Iñaki Antiguedad EHUko Hidrologia katedradunak. «Elkarlanean lan egin behar da, helburua da jendeak ulertzea aldaketa klimatikoa ez dagoela Parisen edota Kyoton; gure egunerokoan dagoela ulertu behar dugu, jaikitzen naizenetik oheratzen naizen artean eragiten didan zerbait dela», zehaztu zuen. «Behin eta berriz herritarrak sentsibilizatzeko beharraz mintzatzen gara eta hori garrantzitsua da, baina noizko utzi dugu agintarien sentsibilizazioa, gaur egun klima aldaketaren kontrako neurriak behar den bidetik joan ez daitezen erabakiak hartzen dituzten horiena?», nabarmendu zuen, agian beste bilkura batean jorratu beharreko beste eztabaida bat mahai gainean jarrita.