Zakarren arteko ametsak bildu ditu Zubizarretak «Laranja bat zaborretan»-en
Kairon, «zaborraren hiria» deitzen dioten auzunean bizi da Karabino. Zaborra biltzetik ateratzen du bizimodua eta inoiz ez du laranja osorik ikusi; zakar artean topatu dituen zati solteak besterik ez. Karabinok Nagib itsuaren ipuinak ditu ihesbide bakar. Kontakizun horiek dakartza Patxi Zubizarretak «Laranja bat zaborretan» eleberrian.

Mundu arabiarrarekiko sentitzen duen lilura eta jakin-minaren bidetik sortu du Patxi Zubizarretak “Laranja bat zaborretan” izen iradokitzailea duen eleberria. «Marrakexeko larru tindategietan egon bazarete, jakingo duzue mendafina ematen dizutela eskura, usaina ahantz dezazun, baina horren da sarkorra ez baita desagertzen. Antzeko sentsazioa izan nuen Kairoko kristau koptoei buruzko dokumental bat ikusi nuenean; liluratuta geratu nintzen ‘zaborraren hiria’ deitzen dioten horrekin». Mokattan auzunea da zaborraren hiri hori eta, eleberrian, Zubizarretak zakarra biltzen lan egiten duen Karabinoren eta Nagib itsuaren artek harremanaz dihardu. Karabino musulmanez inguratuta dagoen kristau koptoa da eta zaborra biltzetik bizi da; sekula ez du laranja osorik ikusi, zatiak besterik ez. Bere ama zaborra “oparia” dela sinetsita dago eta aitak, aldiz, bizi duten egoera zailetik ihes egin nahiko luke, baina ez du biderik ikusten.
Zubizarretaren hitzetan, Karabinori «lagunak aingura bilakatu zaizkio», Mokattanetik ihes egitea ekidinez, eta ihesbidea ametsen mundura eramango duen Nagib itsuaren ipuinak izango dira. «Juan Mayorgak dio sortzaileak adi egon beharra duela, munduko zakarra jaso eta, alkimia bidez, amets bilakatu behar duela», azaldu zuen, eta Karabinok Nagiben ipuinetatik jasoko ditu amets horiek.
Eleberria sei atal edo kontakizunetan banatu du Zubizarretak eta guztiek daramatzate Mintxo Cemillanen ilustrazioak. «Liburua irakurtzean, oso bisuala zela ohartzeaz gainera, kontatzen duenaren indarra eta kontatzeko modu samurra antzeman nituen. Marrazki landuak egin ditut eta, nire buruarekin kritikoa izateko joera badut ere, esan behar dut gustura nagoela egindako lanarekin», adierazi zuen.
Audioa eta musika
Ipuin eta ilustrazioez gain, ahozkotasuna ere liburuaren parte izatea nahi izan dute eta, hala, kontakizun bakoitzaren amaieran interneterako lotura bat aurkituko du irakurleak. Horren bidez audio batera iritsiko da, non Felipe Barandiaranek kontakizunari laguntzen dion ipuin bat irakurtzen duen, Pello Ramirezen txeloaz lagunduta. «Patxiren buruan hasieratik zegoen liburua ilustratzearena, eta halako bildumetan gutxitan eransten baditugu ere, oso era naturalean irten da. Audioarena berdin; horiek kontakizunen bestelako irakurketak egitea egiten dute posible», esan zuen Antxiñe Mendizabal editoreak.

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar
