GARA
DONOSTIA

Topaguneak deitutako manifestazioan parte hartuko du Kontseiluak

Kontseiluak ikasle guztien euskalduntzea ziurtatuko duen hezkuntza sistema aldarrikatuko du Hezkuntza Plataformen Topaguneak deituta heldu den larunbatean Bilbon izango den manifestazioan.

Kontseiluak atxikimendu publikoa adierazi zien atzo Hezkuntza Plataformen Topaguneak larunbaterako antolatuko dituen mobilizazioei. Atxikimendua emateaz gain, euskaraz bizi nahi duten herritarrei bertan parte har dezaten gonbita ere egin zien Kontseiluak, eta Paul Bilbao erakundearen idazkari nagusia Bilboko manifestazioan egongo dela iragarri zuen.

«Hezkuntza Plataformen Topaguneak aldarrikatzen duen moduan, Euskal Herrirako hezkuntza sistema propioa behar dugu; hain zuzen ere, hori izango baita modu bakarra ikasle guztiak euskalduntzeko», nabarmendu du Kontseiluak atzo bidalitako oharrean.

Bertan, euskararen normalizazioan hezkuntzaren alorra «lehentasunezkoa» dela azaltzen du, baita hizkuntza bat normalizatzeko bete behar den helburuetako bat hiztun berriak sortzea dela ohartarazi ere. «Ikasle guztiak euskaldundu daitezela ikasketa prozesua amaitzean Kontseiluaren lehentasunetako bat izan da sorreratik. Gaur egun horrela da, are gehiago estatuen aldetik datorren esku-hartzearen ondorioz», gaineratu du.

Eta ereduen sistema sortu zenetik ikasle guztiak euskalduntzea ez dela lortu deitoratzen du. «Ikerketek agerian utzi duten moduan, gaur egun indarrean dauden ereduetatik bakar batek ez ditu ikasle osoak euskalduntzen, nahiz eta D eredua den hortik gertuen dagoena», ondorioztatu du, 2008an “Ikasle euskaldun eleanitzak sortzen” proposamena egin zuela gogoratu ostean.

Kontseiluaren ustez, «gaur egun hezkuntzaren alorrean bizitzen ari garen egoeran, oraindik ere garrantzi handiagoa hartzen du murgiltze eredu orokortua ziurtatuko duen hezkuntza sistema indarrean izateak. Horregatik, Lomceri aurre egiteko modurik egokiena ikasle guztiak euskaldunduko dituen proposamena inplementatzea da, ezbairik gabe».