Jon GARMENDIA
Idazlea

Ereserkia

Duela aste batzuk, Frantzian, eztabaida egon zen “La Marselleise” ereserkiaren inguruan; anitzen usterako agresiboegia zen letra, gerrarako deiez betea, edo gerrako termino odoltsuez bustia behintzat. Eta anakronikoa zela zioten askok eta askok, berritu behar zela. Egun ordea, karrika kantoi guztietan kantatzen da sentimendu betean, eta nehork ez du aipatzen esanahiari buruzkorik, zirrikituak itxi dira.

Pariseko gertakari odoltsuek defentsatik erasora pasatzeko beharra indartu dutela dirudi. Gauzak zer diren. “Aux armes citoyens” (herritarrok, hartu armak) afixa izan omen zen Joseph Rouget de Lisle idaztera animatu zuena 1792an, eta “Rhineko ejerzitoaren gerra kantua” izena eman zion. “Allons enfants de la Patrie, le jour de gloire est arrivé!, contre nous de la tyrannie l'étendard sanglant est levé...»” entzun orduko, automatikoki kantatzen zuen edozeinek ereserkiaren hasiera baina hortik aitzina gutxik; orain, telebista eta irratietako protagonista bilakatu dira herritarrak, ozen eta pasioz kantatzen agertzen baitituzte “Entendez-vous dans nos campagnes mugir ces féroces soldats? Ils viennent jusque dans vos bras. Égorger vos fils, vos compagnes!” (ez duzue soldadu gupidagabe horien orrua entzuten? Gure emazte eta seme-alabei lepoa moztera datoz) eta oihuka kantatzen dute “Aux armes citoyens, formez vos bataillons, marchons, marchons, qu'un sang impur abreuve nos sillons”, osatu bataloiak eta goazen, purua ez den odolarekin busti daitezela gure lorratzak. Funtsean, frantsesek Sirian egindako sarraskia ulertzeko baliagarri da ereserkia, batez ere kontzientzia zein lasai duten ulertzeko.