Gotzon Elizburu
Kazetaria
JO PUNTUA

Non daude helduak?

Ni gazte naizenetik eta militante naizenetik etengabean entzun dudan mantra da: «Non daude gazteak? Zuek izan behar zarete borroka aurrera atera behar dutenak!». Eta sarri, guk geuk ere irentsi izan dugu apoa. Baieztapen hori onartzearen atzean, ordea, ezina eta frustrazioa daude gehienetan.

Gazteak helduen mundutik ihes egiteko bideak bilatu izan ditu. Berak nahi duena askatasunean egin ahal izateko espazioak bilatzen ditu. 80ko hamarkadako gazteen eta helduen munduaren arteko talka ikaragarria izan zela esan ohi da. «Hil ezazu aita» lelo makarrak sinbolizatzen zuen bi kulturaren arteko talka hura.

Eferbeszentzia egoera haren ekarpen nagusienetakoa gaztetxeak izan ziren. Horiek izan ziren helduen mundutik alde egiteko espazio askeak.

Gaur egun «hil ezazu aita» leloa modaz pasata dago –gurasoak «kolegak» dira orain– eta gaztetxeak ere, beharbada, gure paisaian ohiko elementua izanda, sistema bilakatu dira egungo gazteen begietara. Alta, askatasun esparruak bilatzeko guraria ez da desagertu; forma berriak hartu ditu: lonjak.

Aurreko gazte belaunaldiak ez bezala, gure belaunaldiak eta gazteagoak ongizate estatuaren seme-alabak gara. Ikuspuntu demografikotik ere, Euskal Herria gero eta zaharragoa da. Gazteak gutxiengoa gara eta horrek eguneroko politikan duen eraginaz ez gara jabetzen.

Iragandakoa ez da itzuliko, ordea. Gure buruak berrasmatzen jarraitu beharko dugu, egungo baldintzen arabera gazteria borrokara batzeko, edo bestela galtzaile izaten jarraituko dugu. Baina ez diezagutela gezurrik esan: gazteria gaur egun ere antolatzen da, politikarekiko aspaldiko urteetako interes handiena du. Euren interesak ondo irakurri eta forma berriak asmatzea dagokigu, tekla egokiak ukitzeko.

Beraz, galdera itzuliko nuke. Non daude helduak? Ez da bidezkoa borrokaren eta etorkizunaren zama guztia gazteriari egoztea. Bakoitzak bere etxeko lanak egin ditzala.