G. M. ZUBIARRAIN
Baiona

Bi urteko gelak eta lanbide heziketa izango ditu Seaskak

Atzo sinatu zuten Hezkuntza Nazionalak eta ikastolek, Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) bitartekaritzaz, elkarren arteko ituna. Datozen hiru ikasturteetarako baldintzekin «pozik» agertu dira bi aldeak.

Arratsaldeko seiak jo berritan sinatu zuten Seaskak eta Hezkuntza Nazionalak atzo Baionan, Kontseilu Orokorraren egoitzan, elkarren arteko harremanak datozen hiru ikasturteetarako finkatuko dituen itun berria, Euskararen Erakunde Publikoaren bitartekaritzarekin erdietsi den hirugarrena. Han ziren Hezkuntza Nazionalaren aldetik Olivier Dugrip Bordeleko Akademiako errektorea eta Pierre Barriere Pirinio Atlantikoetako ikuskari nagusia; Seaskaren aldetik, Pascal Indo lehendakaria, Ur Gorostiaga zuzendaria eta Jean Michel Etxegarai Pedagogia arduraduna; eta EEPren aldetik, Frantxoa Maitia lehendakaria eta Vincent Bru lehendakariordea. Ordezkaritza gorena, akordioaren garrantziaren adierazle, ezbairik gabe.

Itunak aurten eta iaz sortutako ikastola berriak –bost– babesten ditu eta «lehentasunezko eremuetan» bi urteko gelak finantzatuko. Gobernuaren arabera, ekonomikoki okerren dauden eremuak dira horiek eta, hortaz, Ipar Euskal Herriaren barnealdeari eta hiriguneetako auzo baztertuenetako ikastolei aitortuko zaie aukera hori.

Seaskaren laugarren kolegioa (irakaskuntza ertaina), Baionan irekiko dena, eta lizeo berria (batxilergoa) ere itun honetan jaso dira. Bestetik, aurten irekitako kudeaketa ikasketen adarrari, Etxepare lizeoan eskaintzen denari, «aitortza» ematen zaio, bai eta batxilergo profesionala eskaintzeari ere. Azken atal hau ez zuten xehatu, diseinu fasean baitago egun. Baxoa euskaraz egiteaz, berriz, aurrerapausorik ez da jasotzen itunean. Errektoretzak dio Parisek «blokeatua» duela gaia.