«Eskutitzak», ideologiei gaina hartzen dieten maitasun istorioak
36ko gerran Itziar Eliasen aiton-amonek elkarri bidalitako maitasun gutunak dira «Eskutitzak» antzezlanaren oinarria. Hari horri tiraka, familia errepublikazale eta frankisten arteko liskarrak eta ezinezko maitasunak taularatuko dituzte. Etzi, Durangon izango dira.

Itziar Eliasen aitonaren heriotzarekin batera abiatu zen “Eskutitzak” antzezlana sortzeko ideia. Hura zendu zenean, etxeko trasteen artean begira hasi eta Eliasen aitonak eta amonak 36ko gerran elkarri bidalitako gutun-sorta aurkitu zuten. Bertan, bien arteko maitasun istorioa deskribatzen da. Eliasek «maitasun amaigabe» gisa deskribatzen du bere aiton-amonen artekoa; horren adierazle da, alargundu ostean ere, Eliasen aitonak egongelan bere sofaren parean kokatuta zeukala bere maitearen erretratua eta hari musu ematen ziola egunero.
Aurkikuntzak eragina izan zuen Eliasengan eta, hark, eskutitzak hartu eta bere aiton-amonen maitasun istorioa puzzle baten gisan muntatu eta paperera eraman zuen, antzezlan baterako lehen harria finkatuz.
Kontakizunak Azkoitian du abiapuntua, 1936ko gerra lehertzear den unean. Joxe (Aitor Fernandino), Azpeitiko postari errepublikazale sutsuaren semea da eta Emiliaz (Itziar Elias) maiteminduko da; Azkoitiko alpargata fabrikaren jabearen alaba da bera, familia frankista aberatsekoa. Joxek fabrikan egiten du lan eta elkar topo egiten duten unetik bertatik maitemindu egingo dira. Joxek bere eskuan dagoen guztia egingo du familien kontrakotasunak gainditu eta Emiliarekin egon ahal izateko, ideologia, klase zein estatusak gaindituz.
Istorioaren oinarria Eliasek aurkitutako eskutitzetan badago ere, lantaldeak azaldu du bertan azaltzen diren egoerak, tramak eta pertsonaiak «asmatuak» direla. Kontakizunaren eraikuntzan, Eliasekin batera, Izaskun Arandiak hartu du parte. Zinema munduan esperientzia duen gidoigilea eta Izar Films ekoiztetxeko sortzailea da antzezlana idatzi eta zuzendu duena. Oholtzan, aldiz, maitaleen papera beteko duten Elias eta Fernandinoz gainera, Josean Bengoetxea (Manuel, Emiliaren aita), Olatz Beobide (Ixabel, Emiliaren izeba), Iosu Florentino (Luis) eta Aiora Sedano (Maritxu, Emiliaren ahizpa) ere izango dira.
Zinema barneratzeko apustua
Eliasek antzerki munduan eta Arandiak zinema alorrean duten esperientziaren batura da antzezlana eta, hala, testuan zinema barneratzearen aldeko apustua ere egin dute. Aditzera eman dutenez, aurrez filmatutako eszenak erabiliko dira trantsizioak egiteko eta, oholtzatik kanpo, Emiliaren bistatik kanpo geratzen diren kontuak deskribatzeko. Horrez gainera, 36ko gerrako birsortutako irudiak ere erabiliko dituzte, «garai hartako krudeltasuna islatzeko». Bi elementu horiek eraikitzeko orduan ere euskal eszenan ezagunak diren aktoreek hartu dute parte: Iñaki Beraetxe (Joxeren aita), Klara Badiola (Joxeren ama) eta Lander Otaola (Luisen laguna).
Maitasun istorioaz gainera, gerrak euskal familien barruan izan zuen eragina ere aztertu nahi izan dute antzezlanaren bitartez. «Anaiak anaien aurka eta aitak semeen aurka borrokatu behar izan ziren askotan; familien barneko hausturak eta benetako tragediak bizi izan ziren. Eta zenbat izan ote ziren gerra honengatik banandu behar izan zuten bikoteak? Bai gizonek borroka egitera joan behar izan zutelako, distantziak suposatu zuen hausturagatik eta, kasu askotan, gizonak bueltatu ere ez zirelako egin», oroitu dute. Hala, gerrako biktimak gogoan izan dituzte, baita herri txikietako idiosinkrasia ere: «Txutxu-mutxuak, denek elkar ezagutzea, besteek esango dutenaren beldurra, hierarkia sozialak, tabuak...».
Antzezlana astelehenean, hilaren 7an, emango dute Durangon, San Agustin kulturgunean 20.00etan, eta abenduaren 12 eta 13an Donostiako Lugaritzen izango da, 20.00etan eta 19.30ean, hurrenez hurren.

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

«Necesitamos la foto más completa posible de la tortura sistemática»
