Asier AIESTARAN
PILOTA

Olaizola II.a osatu da eta igandean Urretxun jokatzeko prest dago

Asegarcek jakinarazi zuenez, Aimar Olaizola pozik gelditu zen atzo Beasainen egindako probarekin eta igandean Urretxun jokatzeko prest dago. Goizuetarrak ezker eskua minduta amaitu zuen Lau eta Erdiko Txapelketa eta azaroaren 15etik jokatu gabe zegoen. Bere itzulerako neurketan Mikel Urrutikoetxea izango du bizkartzain, Iñaki Artola eta Jon Ander Albisuren aurka jokatzeko. Gogoratu beharra dago Santa Lutzi eguna ospatzen dela Urretxun eta Ederrena pilotalekua leporaino betetzea espero dela.

Zeberioren itzulera Galarretan

Are denbora gehiago zeraman jokatu gabe Patxi Zeberio erremontista bikainak. Elduaingo aurrelaria uztailetik jokatu gabe egon da. Aurrez ere urtebete kantxetatik kanpo eduki zuen ukalondoko lesioak arazo gehiago sortu dizkio azken lau hilabete hauetan, eta bizkarreko minez ere ibili omen da. Jada 41 urte dituen pilotariak 16.00etan hasiko den jaialdiko bigarren partida jokatuko du, Endikarekin batera Uterga eta Agirrezabalaren kontra.

Hirugarren neurketa ere erakargarria da: azaroko rankinga irabazi duen Matxin VI.ak Ionekin jokatuko du Ansa II.a eta Barrenetxea IV.aren aurka.