Andoni ARABAOLAZA
LEHIA

Itziar Zabala dimoztarraizan da erregularrena Blokeko Espainiako Kopan

FEDMEk antolatutako zirkuituak lau proba izan ditu; azkena, pasa den hilak 5ean Motrilen. Eskalatzailebizkaitarra bikain lehiatu da; garaipen bat, bina bigarren postu eta beste hirugarren bat lortu ditu.

FEDMEk antolatutako Blokeko Espainiako Kopa pasa den 5ean amaitu zen Motrilen (Granada) jokatutako probarekin. Eta euskal ordezkari batentzat bikain amaitu zen. Izan ere, nesken mailan, Itziar Zabala nagusitu da. Dimoztarra jokatutako lau hitzorduetan erregularrena izan da, eta, proba bakoitzean pilatutako puntuei esker, sailkapen nagusiarekin egin da.

Espainiako Kopa, berez, martxoan hasi zen, eta hilabete horretan bi deialdi izan ziren. Orriotan aipatu genuen bezala, Redovanen (Alacant) jokatutako lehenean, dimoztarra nagusitu zen. Tortosan (Tarragona) izandako bigarrenean, berriz, bigarren postua poltsikoratu zuen.

Bi lehia horien ondoren, Espainiako Kopak etenaldi luzea izan zuen; izan ere, hirugarren proba azaroaren 28a arte ez zen jokatu. Eta martxoan bezala, azken bi norgehiagokak jarraian izan ziren. Azkena, beraz, pasa den hilak 5ean.

Azken bi lehiei dagokienez, Zabalak GARAri adierazi dio oso ezberdinak izan zirela: «Martxoan jokatutako bi proben ondoren, azken bi lehietan gustura jardun dut. Hori bai, batetik bestera aldea handia zegoen. Madrileko blokeak nahiko teknikoak ziren; Motrilekoak, aldiz, fisikoagoak. Gainera, azken horren egitura bera oso eskasa zen. Alabaina, oso sentsazio onak izan ditut».

Garaipena

Madrilgo norgehiagokan, dimoztarrak gustura jardun zuen, baina, finalean, Maud Ansade irabazleak izan ezik, gainerako finalista guztiek soilik top bat egitea erdietsi zuten. Azkenean, Zabala bigarren postuan sailkatu zen.

Euskal ordezkariak, azken hitzordua, Motrilekoa, nahiko lasai hartu zuen. Jakin bazekien, postu on batekin Espainiako Kopak ez ziola ihes egingo. Eta horrela gertatu zen; izan ere, hirugarrena izan zen: «Presiorik gabe aurkeztu nintzen, puntuetan alde handia nuelako. Hala ere, ondo estutu nuen, eta azken proba horrekin ere egin nintzen ia. Bloke bakoitzean eginiko saioen kontua izan zen. Laugarrenean top egin nuen baina ez nintzen heldulekuan geratu. Garaipenak hor ihes egin zidan».

Bukatu berri den zirkuituaren inguruan, Zabalak adierazi du, berez, irabaztea ez zela bere helburua: «Nire benetako asmoa lehiatu eta eskarmentu gehiago hartzea zen. Ansade izan ezik, ez dago maila handia, eta horregatik nire sasoia Munduko Koparako indartzea besterik ez da izan. Horretan maila polita ematea gustatuko litzaidake».