GARA
DONOSTIA

Gaur emango diote azken agurra Azkoitian Joakin Errasti «Epelarre» trikitilariari

Joakin Errasti Epelarre soinu jotzailea atzo zendu zen eta gaur izango da haren omenezko hileta elizkizuna, Azkoitiko Santa Maria La Real parrokian, arratsaldeko zazpietan.

Soinu jotzailea Azkoitiko Izarraitz auzoko Epelarre baserrian jaio zen 1933. urtean eta handik hartu zuen gerora trikitiarekin ezagutaraziko zuen izena. Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak jakinarazi duenaren arabera, soinu jotzailea atzo zendu zen, 82 urte zituela.

Epelarre Jazinto Rivas Elgetaren ikasle izandakoa zen eta, denboraren poderioz, bera bilakatu zen maisu. Trikitixa Elkarteak gogora ekarri duenez, «trikitiaren maisurik nabarmenetakoa izan zen, bere eskutatik irtendakoak baitira txapelketa handiak irabazitako edota trikitiaren munduko jotzaile esanguratsuenetako ugari», eta, besteren artean, Xabier Alberdi Zabale edota Ramon Azpitarte Imuntzo Epelarreren ikasle izan zirela argitu du.

Epelarre goraipatuz, «erromeriaz erromeria ibilitako soinujole aparta» izan zela ere azaldu du elkarteak eta, bere ibilbidean zehar hainbat panderojolerekin ibili bazen ere, azken urteetan batez ere, orain hiru urte zendu zen Inazio Bastida Etxeberritxo zenarekin aritu zela nabarmendu du. 70eko hamarkadan txapelketetan ere parte hartu eta baten bat irabazi zuela ere azaldu du elkarteak.