GARA
BILBO

Jokin Oregik zuzendutako «Amour» antzezlana abenduaren 23an estreinatuko da Arriagan

«Amour», Arriagak eta Tartean Teatroaren Marie Jongh konpainiak ekoitzitako obra, testurik gabeko ikuskizuna da, helduen eta haurren antzerkiak uztartzen dituena. Hilaren 26an eta 27an ere eskainiko da.

Haurrak eta helduak antzerkira elkarrekin joateko proposamena da “Amour”. Emozioak eta gogoetak, zalantzak eta egiaztapenak, konpartitzeko leku gisa hartzen da antzokia bera. Izan ere, horiek dira “Amour” antzezlanak bilatzen dituen helburu nagusiak.

Arriaga antzokiak eta Tartean Teatroaren Marie de Jongh konpainiak, Basauriko Social antzokiaren eta Victoria Eugeniaren laguntzarekin eraikitako obraren erabateko estreinaldia Arriagan bertan izango da datorren asteazkenean, hilak 23, arratsaldeko 20.00etan. Gainera, beste bi emanaldi eskainiko dira abenduaren 26an (18.00) eta 27an (12.00 eta 18.00).

Jokin Oregi da “Amour” lanaren egile eta zuzendaria. Familia osoari zuzenduta eta zazpi urtetik gorako umeentzat gomendatuta dagoen obra da. Formatu bereziko egitasmoa da gainera, testurik gabeko ikuskizuna baita. Hori dela eta, ideiak eta sentimenduak keinuen bitartez helarazten dituzte. Eta sentipen horien irisgarritasunaren ardura hartuko dute Javier Renobales, Ana I. Martinez, Ana Meabe, Pablo Ibarluzea eta Anduriña Zurutuza aktoreek.

Ikus-entzuleak hunkitzeko eta sentimendu horien bidaian gidatzeko musikak berebiziko garrantzia izango du. Pascal Gaigne izan da obrako konpositore nagusia.

Denbora, maitasuna...

Ume batzuk jolasean ari dira dena hastear dagoen herrialdean. Mundua deskubritzen dabiltza beren unibertsoa itxuraldatuz. Nagusiak imitatzen dituzte, ausart eta ozar. Maitatzeko gai direla sinestuta daude, maitasunaren sakonera arrotza zaien arren. Ez dute etsaitzeko erreparorik euren patriketan «gorroto» hitza oraindik topatuta ez badute ere. Badute usainen berri, badakite azala zer den, fereka, abandonua, aterpea, desioa. Denbora oraina da. Eta bat-batean, hirurogeitik gora urte igaro dira.

Orduan, zaharturik, hitz mordoa ateratzen dute patriketatik, eta hosto lehorren gisan amiltzen zaizkie. Badute usainen berri, badakite azala zer den, fereka, abandonua, aterpea, desioa. Eta paradoxa: ezin etsaia lagun bihurtu maitasunaren egiazko esanahiaz aspaldi jabetu ziren arren. Badakite denbora iragana dela. Ez dakite, ordea, maitasunak beti ematen duela aukera bat.

Ikuskizunerako sarrerak salgai daude dagoeneko Teatroarriaga.com web orrialdean, 946 85 08 50 telefonoan eta Arriaga antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmentarako ordutegian. Prezioa, 8 eta 16 euro bitartean.