Arria V.a eta Larretxea apustua jokatzeko gogotsu daude
Arria V.a eta Donato Larretxea prest daude etzi eguerdian Tolosako zezen-plazan indarrak neurtzeko. Hogeina kana-erdiko moztu beharko dituzte, eta zaleek neurketa eder bat ikusiko duten susmoa dute. Ikusmina ere handia da eta biek ere lan eder bat egin nahi dute.

Ikusmin ikaragarria piztu du etzi, 12.00etan Tolosako zezen-plazan, Arria V.ak eta Donato Larretxeak jokatuko duten apustuak. Aizkolari bakoitzak hogei kana-erdiko ebaki beharko ditu, plazara erdi bana eramanda, eta alde bakoitzak 12.000 euro jokatuko ditu.
Bi aizkolariak gogoz eta gustura daude egin dituzten prestaketa lanekin. «Ni oso gustura noa apustura. Ustez lan oso ona eginda nago, eta ongi ikusten dut neure burua. Otaegiren aurka jokatu nuen azkeneko apustua, eta ordutik ere hobetu egin dudalakoan nago. Pisua ere apur bat hartu dut, eta itxaropentsu noa», azaldu du Arria V.ak.
«Prestakuntza ona egin dudalakoan nago. 55 urte ditut, eta bera, berriz, sasoi betean dago eta badakit apustu zaila daukadala. Aldi berean, nirea egiten badut estutuko dudala uste dut», esan du Donato Larretxea aizkolari nafarrak.
Enborrak erdi bana eramango dituzte plazara, eta kasu hauetan jendeak nolakoak eramango dituzten jakin nahi izaten du. Aurretik gauzak garbi utzi dituzte. «Ez ditut markak egiteko enborrak plazaratuko, eman egin beharko zaie», argitu du gipuzkoarrak. «Ni gogorrak hartuta ez noa. Agian, ez dira eder horietakoak izango, egur normalekin joango naiz», esan du nafarrak.
Apustu estua
Bi aizkolarien iritziz, igandekoa neurketa gogorra izango da. «Larretxeak apustua onartu badu, badakit lan ona egingo duela. Maisu handia izan da, aizkolaririk onenetakoa, eta berari irabazteko lana gogotik egin beharko dut. Neurketa estua izango delakoan nago», dio errezildarrak. «Sasoi betean dago, aizkolari ona da, ikusi zen Otaegiren aurkako azkeneko apustuan ere, eta nik 55 urte dauzkat. Zaila izango da, baina ez dut etsiko», adierazi du Donatok.
Hasiera gogorra izatea espero dute bi aizkolariek. «Hasieran zalaparta handia espero dut. Donatori ezin zaio tarterik utzi. Hasieratik mendean eduki beharreko aizkolaria da. Gain hartzen badiozu eta errekuperatzeko tarte bat uzten badiozu, joan zaizu, akabo apustua. Horregatik hasieratik azpian eduki beharrekoa da», dio Xabier Orbegozok. Donatoren hitzetan, berriz, «eutsi eta parean joatea izango da helburua. Nahikoa da azkeneko kolpea aurretik ematea, horrekin nahikoa».
Etorkizunari begira, Larretxeak garbi dauka azkeneko apustua izango dela seguru asko ere, eta itxura ona emanda amaitu nahi omen du. «Azkenekoa behin ere ezin da esan, beti aldatu daitezkeelako gauzak, baina adin honekin ez dut uste beste apusturik egingo dudanik. Denok nahi dugu irabazi, baina garbi dago bietako batek galdu beharko duela, eta hori gertatzen bada ere, itxura ona eman, lan polit bat egin nahiko nuke», dio nafarrak.
Donatok, gainera, gerriko arazo asko izan ditu, baina apustu honetarako gauzak ongi doazela esan du. «Uda inguruan izan nituen arazoren batzuk, baina geroztik ongi nabil. Apustua egin nuenean kezka horrekin ibili nintzen, baina oraingoz, ongi», dio. Arriak ere ez du inolako arazorik, baina hori bai, bere inguruan dabiltzan Errezilgo gazteei eskerrak eman nahi izan dizkie. «Polita da herriko hainbat gazte atzetik izatea, eta ez animatzeko bakarrik, baita laguntzeko ere. Kirolari batek atzetik horrelako babesa izatea beti izaten da eskertzekoa, eta nik hitz onak besterik ezin ditut izan, garrantzitsua baita niretzat», onartu du errezildarrak.
Dirua, berriz, hasieran Arriaren alde egon omen da nabarmen, baina une honetan nahiko parean omen dago, eta gai hauetan aditua den Tomas Armendarizek dioenez, iganderako parean egongo omen da. Hala ere, kontu honek ez die inongo kezkarik sortzen bi aizkolariei.

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén
