Gotzon Elizburu
Kazetaria
JO PUNTUA

Eragin

Hauteskunde espainolek ez dute pasio handirik eragiten gure lerroetan. Zer esanik ez, gazteon artean. Kanpainan ahalegin berezia egin dugu gazteen botoa mobilizatzeko, baina ekitaldi eta hitzaldietan ez du arrakasta handiegirik izan horrek. Ernaik ere ez du ahalegin handiegirik egin kanpaina honetan…

Bitxia da, ezen gazteen artean krisiaren eraginez eta M15 mugimenduaren ostean birpolitizazio modukoa gertatu da, La Sextak markatutako erritmoan. Baita Euskal Herrian ere.

Gauza bat da, ordea, interesa eta bestea, politika aktiboa. Zerbaitek huts egiten du. Batzuetan abismala iruditzen zait gazteria militantearen eta gainontzeko gazteriaren artean dagoen zuloa. Eta, beraz, eragiteko gaitasuna hutsaren hurrengoa da. Gazteriak orokorrean bere eskubideak mantendu nahi dituela dio. «Hau niri ez ukitu». Prekaritate egoerak eta langabeziak bazterreko izatera kondenatzen dute eta sistemaren parte izan nahi dute euren eskubideekin, lanpostu duin batekin. Eta bitartean gu sistemaren aurkako lelo borobilak botatzen, iraultza proklamatzen. Mezu oso erradikala baina eragiteko gaitasun hutsala.

Politikaren lokatzetan jokatzeko beldurra ote dagoen pentsatzen dut sarri. Identitate krisi bat bizi dugula kasik seguru eta belaunaldien arteko etena ikaragarria izan dela ere bai, despistea egiturazkoa izateraino.

Independentzia helburu, indar metaketa baldintza. Abian prozesua dugu ezker abertzalean. Etxeko altzariak behar bezala kokatzera goaz norabide horretan. Prozesu independentista abiatu eta indar metaketarako etxe bakoitzak duen zeregina ordenatu beharko da. Bakoitzaren eragin esparruak zehaztu; eragiteko.

Hauteskunde hauek ez dira azken helburua noski, baina bai indar metaketarako tresna. Ez dira prozesu independentistaren abiapuntua –agenda hori hemen jarri beharko dugu abian jendarte zibilaren mobilizaziotik–; bai, ordea, indarrak neurtzeko tenorea. Aldaketa politiko eta sozialaren aldeko gazteok zeregin bat dugu igandean. Botoak banan-banan kontatzen dira.