KRISTALEZKO SABAIA HAUTSI DA
BOSTETAN PUNTUAN, HARMAILAK BETETA, FILM BATENA DIRUDIEN SINTONIA DOTOREAREKIN ZORTZIKOTEA TXALO ARTEAN SARTU ORDUKO HAMAIKA ISTORIOTAN BARNERATU DA ENTZULEA. ERRIMA ETA KANTU BIDEZ, BERTZE INONGO TRESNAREN BEHARRIK GABE. BIZIA ETA UMORETSUA IZAN DA SAIOA ETA BERTSOZALEAK EDERKI GOZATU DU.

Goiz iritsi da jendea pankartaz hornitutako Illunbera. “Yiiiija Beñat!” idatzi dutenak kontent egonen dira. Bertzeak ere bai, seguru. Badituzte motiboak. Aulkiak eta harmailak beteta daude zortzikote protagonista sartu denean. Bertsozaleak zutik, harrera beroa.
Agurretik bertatik, Beñat Gaztelumendi ahots propioz, egurra emateko prest: «Ongietorri denoi Europar Kultur Hiriburura/ bere hizkuntza bizi duena konpleju baten modura», ekin dio. Entzuleen artean da Gipuzkoako Kultur diputatua, Denis Itxaso. Ez du haserrerik erakutsi sari banaketan txistuz hartu dutenean, Kutxako ordezkariak bezala. Honen kexuen erantzuna txistu gehiago jasotzea izan da.
Kristalezko sabaia puskatzeko gogoz hasi da Alaia Martin, eta lortu du, leherketa eragin du, adibidez, etorkin baten azaletik «astinduz gogor nau jotzen/ nola olatuak bezala doazen eta datozen» abestean. Beñatek ere bai, hortxe ibili dira biak puntan, azkeneraino borrokatuz, txapelarengatik eta batez ere erran nahi zutena errateagatik. Añorgarraren lehen kartzela perla bat izan bada –«Ustekabean elkartu ginen ta bikote bat eratu/ baina papera kendu genion ta ez zen ezer geratu»–, bigarrena, buruz burukoan etorkinaren paperetik josi duena, kristalaren apurketa hori izan da, bertso bidez jendeari zimiko egitea, gainera, poesiaz: «Hain da gogorra etorkiaren eskema/ beti etortzen beti etortzen eta iristen ez dena». Eta amaiera, azkenik alaba Nigeriatik Euskal Herrira etorriko zaion amaren ahotsa: «Ta sei urtetan lehenengo aldiz sentituko naiz etxean».
Gainerako finalistek ere maila hagitz ona eman dute. Denek eman diote bizia hamaika istorioz osatutako film berezi honi. Sarri umorez, adibidez hirugarren egin duen Agin Laburuk. Honek eskua altxatuta ospatu du, agur eginez eta irribarre ezin zabalagoz.
7.200 lagun isiltzea
Bitxia izaten da finaletako giroa; berriketan ari diren 7.200 bertsozaleak bat-batean isiltzea, mikro aitzineko amildegian pentsatzen ari den bertsolariaren parean. Eta lau ordu eta erdiz aulkiari itsatsita egotea, kartzela hasten denean korrika komunera joateko. Ilaretan, pronostikoak, eta berriro isiltasuna.
Urduritasuna ere bai, jertsea kendu-jarri-kendu-jarri ari diren bertsolariena eta eskuak izerditan eta sabela itxita duten entzuleena. Buruz burukora pasatuko direnen izenak aditu eta jendea zutik. Denbora da jada Illunbe besta bat dela eta jendea gozatzen ikustea ederra da, animo eta txalo artean. Malkoak ere atera dira, Inaxi Etxabek, plazetan kantatu ezin zuten emakumeen ordezkari, Beñati txapela jarri eta bertsoa kantatu duenean adibidez. Gozatzeko erran du. Hori egina dago!

«Hay que articular un impulso nacional para afrontar los retos»

«El algoritmo se ha erigido en una arma de guerra»

A Xabi Alonso y al Real Madrid se les rompió el amor de tanto usarlo

«El imperio norteamericano quiere llevarse el petróleo sin pagar»
