Jon GARMENDIA
Idazlea

Zuloa

Kendu eta kendu, handitzen doala entzun nuenean, gorrotoa etorri zitzaidan burura. Eta oraindik ez dakit zergatik, Erpurutxo ogien xerka nola, buruko krokisa antolatzen ibili nintzela oroitzen dut, eta ahotik irten zitzaidanaren logikak zozoaren sentsazioa utzi zidala. Izaten dira pentsamenduak, zer eta nola ukan ditugun jakiteko gai ez garenak, inertzia izango da, inprobisazioa agian, edo, ezusteko single bat. Ordea, erantzunak, handitzen zena zuloa zela zioen, formulazioa asmakizun bat baitzen, eta tira, nik ere asmatu egin nuela jakin nuen, ez azertatu. Beti etortzen eta beti etortzen, eta iristen ez dena. Inoiz iristen ez dena. Hala kantatu zuen Beñat Gaztelumendik, hau zela etorkinaren eskema, eta esaldia bat-batean iruditu zitzaidan jeniala, pentsalari handi batek sinatzeko modukoa. Etorkinen errealitate gordinaz harago joan nintzen ordea, zuloarena etorri zitzaidan gogora, izpi ultramoreek geruzak zulatu eta uhinak bailiran nirean sartu zirelako Añorgako txiki-handiaren ahotik. Presoak oroitu nituen, abenduan, zuloz betetako Eguberrietan, haiek ere etortzen eta etortzen baitaude, baina ez baitira inoiz iristen. Etortzen diren berri onak bezala, iritsi gabe norabait joan ote diren galdezka. Esaldi bakar baten magia, batek erran eta beste batek beste zerbait pentsatuta.