Mikel Valverdek sentimenduen nahas-mahasean jarri du Rita

Rita pertsonaia ardatz hartuta, bildumako hamargarren lana ondu du Mikel Valverde ilustratzaile eta idazleak. “Rita ez dago eztei eztitarako” ipuina da izaera biziko neskatoaren bueltan sortu duen azkena, Ramon Olasagastik euskarara ekarritakoa.
Ezkontza baten aurrean jarri du oraingoan bere protagonista txikia. Zehazki, ezkontzear den Roberto lehengusu zaharragoaren gonbidapena jasoko dute etxean eta Rita bere sentimenduekin borrokan hasiko da, lehengusuarekiko sentipen berezia baitu.
Eta ez da erosoegi sentituko familiarteko festa berriaren aurrean. Nolanahi ere, umore zuriari inoiz baino gehiago tira dio sortzaile gasteiztarrak Rita egoera berri horretan kokatzeko. «Egoera errealistak bizi ditu. Sentimenduak oso azalean daude, eta horiek ez ditu batere argi izango. Benetan gertatzen den gauza bat da hori», defendatu zuen.
Hain zuzen, umorea bera eta erritmoa dira Valverdek erabiltzen dituen lan tresna ohikoenak. «Ipuin entretenituak sortzen saiatzen naiz beti, baina mezu bat izan dezatela ere gustatzen zait. Irakurleak izan dezala amaieran zerbait gertatu den sentsazioa». Ramon Olasagastik egin ditu bosgarrenez itzulpen lanak. «Oso atsegina izan da Ritari euskaraz bizia ematea eta ezagutu nuenetik gero eta gehiago sakondu dut pertsonaian», esan zuen aurkezpenean.
Eraginak
Rita 8 urteren bueltan dagoen neskatoa da. Izaera bizikoa, bizitza bera jakin-min osoz begiratzen duena. Monica eta Martin gurasoekin eta Oscar anaiarekin bizi da. Badu munduan zehar abenturak bizitzera laguntzen duen Daniel osaba ere, eta etxe ondoko parkeko urmael batean bizi diren igel jakintsuekin hitz egiten du zalantzak argitzeko beharra duenean.
Bere adina zuenean, Mikel Valverdek komiki ugari irakurtzen zituela aitortu zuen, gehienak umorez jositakoak. Eta Ritaren aurretik ere, komikigintzan lan egindakoa da. Aitor du genero horrek berarengan eragin handia izan duela, eta umorearen erabilera modurik naturalenean egiten duela. Hartara, Ritaren kasuan ere ahalik eta gauza gehien esaten saiatzen da eta, letrez gain, irudietan ere oinarria bilatzen du. Espresio handiko marrazkiak ondu ditu, esan nahi duen oro are irisgarriagoa izan dadin.

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

«Prohibir las redes sociales a los adolescentes les infantiliza»
Fallo contra un fraccionamiento de contratos del Ayuntamiento de Getxo

«Necesitamos la foto más completa posible de la tortura sistemática»
