J.L.
PILOTA

Peio Larraldek eta Battitte Ducassouk denek nahi zuten finala jokatuko dute

Denek nahi zuten finala izango da Berezkoen Superprestigioan, eta han lehiatuko dira Batitte Ducassou eta Pello Larralde. Modan dauden bi gazte lehiatuko dira txapelaren lehian.

Lehen finalerdian, Larraldek 40 eta 21 hartu zuen mendean Paxkal Ezkurra. Larraldek itxura bikaina eman zuen. Lehen kintzeetan eutsi egin zion Urruñako atzelariak, baina apurka-apurka gazteak gora egin zuen, eta azkenerako oso garaipen erosoa lortu zuen.

Irabazteaz gain, emandako itxura ere paregabea izan zen eta garbi ikusi zen Larralde txapela lortzeko moduan dagoela. Atzo Ezkurra bezalako pilotari bati ez zion inolako aukerarik eman, eta amaieran zaleek ere ilusio handiarekin hartu zuten Larralderen garaipena.

Bigarren finalerdian gauzak tankerakoak izan ziren, eta hemen Battite Ducassouk oso erraz hartu zuen mendean Ximun Lanbert, 40 eta 27. Partida ona izan zen lehen zatian, Lanbertek estutu baitzuen txapela irabazteko faborito nagusia dena, baina Ducassou, apurka-apurka bere agintea erakusten hasi zen, eta amaieran finalerako bidea egin zuen. Bazeuden Ducassouren inguruan zalantza batzuk, arazo batzuk izan baititu azkenaldian, baina atzo berriro ere itxura bikaina eman zuen, eta honek ere txapela lortzeko aukerak hor dituela erakusten du eta atzoko partidan ere hori egin zuen.

Ximun Lanbertek ere itxura paregabea eman zuen final-laurdenetako kanporaketan, eta atzo ere ez zen batere gaizki aritu, baina Ducassou bezalako pilotari bat aurrean dagoenean zaila izaten da, eta atzo ere horixe gertatu zen. Ducassou pilotaria da, eta Lanbert sasoi onean dagoela ikusi bazen ere, ezin izan zion amaierara arte Ducassouri eutsi.

Finala denek nahi zutena geratu da, bi gazte nahi baititu jendeak. Lau izan dira lehiaketa honetan, baina denen ahotan zebilen Larralderen eta Ducassouren arteko neurketa eta horixe izango da datorren igandean, 17.00etan hasita Donibane Garaziko Garat trinketean. Dirua seguruenik ere Battitte Ducassouren alde aterako da, baina Larralderengan ere itxaropen asko daude.

Jadanik bi gazte hauek agintzen ari dira trinketeko esku pilota profesionalean, eta Bilbarorekin eta Ospitalekin batera haize freskoa ekarri dute, eta horrekin batera zaleen erantzuna ere bai. Garbi dago etorkizunari begira hauen ekarpena handia izan dela, eta hori harmailetan ere nabari da.