Komikia, Arestiren alderdirik ezkutuena ezagutzeko bidea
Urtebeteko lan iraunkorraren emaitza aurkeztu berri du Adur Larrea artistak «Gabriel Aresti BioGrafikoa» izenburupean. Eleberri grafiko honetan, idazlearen alderdi humanoa islatzen ahalegindu da egilea, Aresti familiak emandako laguntza eta testigantzak funtsezkoak izan direlarik. Baita Gabriel Aresti kultur elkartearen ekarpena bera ere.

Tinta beltza eta laranja kolorea. Horiek dira Adur Larreak baliatu dituen tresnak Gabriel Aresti bezalako pertsonaia baten bizitza kontatzeko. «Hiru dimentsioak eta horrelakoak beste baterako utzi ditut», azaldu digu txantxetan egileak. Lanean hasi eta berehala konturatu zen komikia izan zitekeela baliabide erraz eta eraginkorra Aresti ezagutzeko. Pertsonaren bila eta ez pertsonaiaren bila aritu delako etengabe.
«Zinemaz aparte, komikia da, seguru asko, norbaiten bizitzaren pasarteak erakusteko modurik eraginkorrena. Eta guk ez genuen, noski, inolako filmik egiteko adina dirurik. Hartara, eleberri grafiko bat egitea erabaki genuen», azaldu du Xabier Monasterio Gabriel Aresti kultur elkartearen ordezkariak.
Formatuak dituen abantailak lagun, liburuan, «komikigintzak berezkoak dituen teknika eta baliabideez gain, zinemagintzatik hartutako beste ezaugarri asko aurkituko ditugu: plano aldaketak, zoomak, travelling-ak eta elipsiak». Bilboko idazlearen izena eta bere lanak ezagutzera emateko, Gabriel Arestiren sendiak eta Zenbat Garak eratutako Gabriel Aresti kultura elkartearen ekimena izan da biografia grafikoa. Elkartearen lana, hiru ardatzen inguruan antolatu da beti: euskara, Bilbo eta justizia soziala.
Euskaraz eta Bilbo ardatz
Monasterioren iritziz, «Gabrielen biografia grafiko hau eginik, hiru helburuok osoki betetzen ditugulakoan gaude. Lehenik, euskaraz datorrelako. Bigarrenik, Bilbo alde guztietatik ageri zaigulako. Eta hirugarrenik, Gabrielek justiziarenganako agertu zuen konpromisoa ezin nabariagoa delako liburuan».
Egitasmoaren garapenean, Adur Larreak dokumentazio lan handia egin behar izan zuen marrazteari ekin aurretik. «Hasiera batean nahiko burugabe, suizida bat bezala» abiatu zela kontatu du Larreak. Arestiren inguruko artikuluak, berak idatzitakoak, garaiaren ingurukoak… irakurri zituen, informazio mardula bilduz. Asko eta zabal idatzi delako ez zuela «sekulan bukatuko» ikusi zuen marrazkilariak, eta, hala, familiarekin hitz egin behar zuela erabaki.
Esan bezala, senideekin mintzatu ostean, «Gabrielen alderdi humanoa ezinbestekoa iruditu zitzaidan». Ondorioz, ikuspuntu horretatik bideratu zuen lana, idazlearen alde gizatiarra islatzen saiatuz. Izan ere, biografia zehatz eta mardul asko egin dira bere ekarpen intelektualetan zentratuta, literaturan edo euskararen inguruko lanetan. Baina pertsona eta bere bizitza izan da aztergai nagusia komiki honetan. Horretarako, idazlearen biografiatik ezagutzen dugunaz harago heltzeko, Aresti familiak emandako laguntza funtsezkoa izan da, idazleak bizi izandakoak kontatuz eta material grafiko ugari helaraziz. «Familiaren ateak zabalik izan ditut beti eta batik bat haiek kontatutakoetatik abiatu ginen liburua egiteko».
Arestiri gertatutako pasadizo pertsonalak eta gertaera historikoak ageri dira komikian, baina idazlearen iritzi eta barne gogoeta zenbait asmatu egin ditu Larreak, pertsonaia gertaerotan kokatzeko eta bere pentsamenduaren erretratua osatzeko. Hizkuntzaren hautaketa ere garaia eta giroa hobeto islatzeko erabili du. Hala, euskarazko liburua izanik ere, pasarte batzuetan pertsonaiak erdaraz ari dira, garaiko hizkuntzen arteko egoera hobeto islatzeko eta idazlearen euskararekiko harremana erdaratik abiatu zelako.
Gabriel Arestiren alderik gizatiarrena erretratatzeko asmo horrek, idazle bilbotarra hobeto ezagutzeko aukera eskaini dio Adur Larreari. Eta pertsona arrunt batez mintzatu zaigu marrazkilaria. «Nire ustez, pertsona zuhurra eta kontsekuentea zen. Bere ideiekin eta bere iritziekin. Baina gero, egunerokotasunean, gozoa zen alabekin, emaztearekin… Pertsona irekia zelako». Pertsonaiaren atzean, pertsona zegoelako.
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
