Surflari Ernegatua

Baita surfean ere

Gizartean eman den bilakaera ikusita, surf munduan ere, estrategia aldaketa bat eman beharko da. Azken egunetan argi geratu da abertzaleok desagertzear gaudela. Egurra izan den artean txinpartak bizirik iraun du, baina burdin hotsak isildu orduko sentimendu abertzalea guztiz amatatu da. Egungo gazteek ez dute etorkizuna parametro klasikoetan ulertzen.

Paradigma aldaketa izugarria da, sentimenduen gainetik ongizatea gailendu da. Noizbait herri aske eta burujabe izatera iristen ez bagara desagertuko egingo garen ideiak ez du eraginik. Bost axola du euskaldun edo espainol izan, jendeak gauza bakarra nahi du, «hobeto bizi». Abertzaleok, sufritzeko prest bageunden ere, kontrako zentzuan doan gizarte batekin egin dugu talka. Beraz, batzen gintuen sentimenduaz harago, jendearengana gerturatzeko haien moldeetara egokitu beharko dugu.

Eskubideen diskurtsoa eta ezkerreko ikuspegia izango dira ardatz gehiengo zabalak lortzeko. Nik bezala motor eragile nagusi eta bakar sentimendu abertzalea daukagunontzat etsigarria da, herri bezala izan dezakegun nortasuna gutxiengoen eremuetatik landu beharko baitugu, eta, gure izatea josten jarraitu arren, testuinguru honek eta etorkizunera iragar daitekeenak, sentimendu abertzalearen apaltzea baitakar, estatuekin konfrontazio iraunkor bat eman ezean.

Horixe da dagoena. Orain abertzale orok bere burua bere eremuan kokatzeko ordua da. Surf munduan abertzale gisa eragiteko, hizkuntza eta nazioa izan ditut ardatz gutxieneko kontzientzia politikoa izan dudanetik. Euskara, proiektu abertzalearekin bat egin zezakeen jendea biltzeko, eta, ikuspegi nazionala, gure kostalde zoragarria indarrez bitan zatitua izan arren aberri bakar bat dela erakusteko.

Sopela, Deba edo Biarritzeko surflariak biltzen dituena, lehenik eta behin, surflariak izatea da, bigarrenik Euskal hiritar izatea, eta, azkenik, klase sozialez hitz egin behar bada, klase bereko kideak izatea, alegia, burges txikiak, funtsean, antzeko behar eta nahiekin. Orain ordena hori inbertitu egiten da, hortaz, aurrerantzean, euskal surflarien komunitatea sendotzeko bitartekoa ez da izango ustezko sentimendu bateratzaile bat indartzea, komunitate bereko kideen behar eta nahiak identifikatu eta elkarren artean irtenbideak bilatzea baizik. Soilik elkartu eta biltzeak emango dio forma lehen sentimendu batek marrazten zuen herriari, baita surf munduan ere. Eta urautsi berri horretan, gainera, olatu bikain bat hartzeko aukera ere badago; erne, beraz, hurrengo itsaskiari.