Bost espediziok bat egingo dute Nanga Parbaten
Lau talde zortzimilakoaren neguko lehen igoera egiten saiatuko dira Diamir isurialdetik, eta beste bat Rupaletik. Alex Txikonek Daniele Nardi, Janusz Golab eta Ali Sadpararekin jardungo du «Kinshofer» bidean.
Datozen bizpahiru hilabeteotan lehia bizia izango da Nanga Parbaten (8.126 m); izan ere, bost espedizio zortzimilakoaren neguko lehen igoera egiten saiatuko dira. Hamalau erraldoietatik soilik K2 eta Nanga Parbat falta dira neguko zerrendatik ezabatzeko. Aurtengoan ere K2 mendiak ez du espediziorik jasoko. Nanga Parbatek, aldiz, bai. Dagoeneko, azken 27 urteotan mendi horrek 25 espedizio jaso ditu neguan; baina, guztiak ala guztiak, etxera esku hutsik itzuli dira.
Bai, bost talde ariko dira “sari” preziatuaren bila; horietako lau Diamir isurialdetik eta bakarra Rupaletik. Eta, iaz bezala, espediziokide guztien artean euskal ordezkari bat izango da: Alex Txikon. Lemoarrak gustu handia hartu die neguko igoerei. Gasherbrum I mendian saiatu ondoren, Laila Peak (6.96 m) igo eta iaz Nanga Parbaten saio ederra egin zuen. Bai, 7.850 metrora heltzera lortu zuen; mendi horretan inoiz erdietsi den kota garaiena.
Oraingoan, Daniele Nardi italiarra, Janusz Golab poloniarra eta Ali Sadpara pakistandarrarekin jardungo du; hain zuzen ere, iazko bide berean, Diamir aurpegian dagoen “Kinshofer” bidean. Nanga Parbaten izango diren ia talde guztiek bezala, Txikonenak ere girora egokitzeko estrategia ezberdina erabili du oraingoan. Nardnirekin batera Andeetako seimilako batzuetan izan da: San Frantzisko eta Incahuasi sumendietan. Sadpara, berriz, etxe inguruko seimilakoetan aklimatatu du, eta, Golab, udazkenean Annapurna IV mendian eginiko espedizioan.
Beste lau
Estrategia bera eta Nanga Parbateko bide bera aukeratu dutenak Adam Bielecki eta Jacek Czech poloniarrak izan dira. Soilik bi kidez osatutako talde honek, beraz, aukera izango du Txikonekin “Kinshofer” bidean lana partekatzeko. Diamir isurialde bereko “Messner-Eisendle” marra aukeratu dutenak, berriz, Tome Mackiewicz poloniarra eta Elisabeth Revol frantziarra izan dira. Sokada horrek iaz saio ederra egin zuen aipaturiko bidean. Marra bera konpartituko dute Simone Moro eta Tamara Lunger italiarrekin. Hauek ere ziur aski elkarrekin jardungo dute.
Rupaleko isurialdean egongo diren bakarrak “Justice for all” espedizio poloniarreko kideak izango dira. “Schell” bidetik saiatuko dira, eta aipatzekoa da seigarren urtez jarraian ariko direla Nanga Parbaten. Espedizioaren burua Marek Klonowski da, eta harekin beste sei poloniar eta bi pakistandar izango dira.

«La maternidad nos da la oportunidad de aprender a mirar a nuestra niña interna»

Sabin Etxea fía ahora a un juez la resolución de su crisis en Getxo

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»
