GARA
DONOSTIA

Oscar sarietatik at geratuta ere, AEBetako merkatuan zabaltzea lortu du «Loreak» filmak

Oscar sarietatik at geratu ondoren, Gipuzkoako Aldundiak 40.000 euroko laguntza eman dio «Loreak» filmari AEBetako promozio gastuak ordaintzeko. Merkatuan aurrera egin nahi du euskarazko lanak.

AEBetako hainbat aretotan ikusi ahal izan da azken hilabeteotan Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak zuzendutako “Loreak” euskarazko filma. 2014an Donostiako Zinemaldian aurkeztu zenetik, nazioarteko hainbat jaialditako leihoak zabaldu zaizkio euskarazko lanari. Nolanahi ere, AEBetako merkatua izan du jomuga azken denboran, batez ere ingelesez besteko film onenaren Oscar sarirako izendatuen lehen zerrendan egotea lortu zuenetik.

«Filmaren atzean industria bat dago, Euskadi marka eta euskara bera eraman dira AEBetara», nabarmendu zuen atzo Iñigo Obseo Irusoin ekoiztetxeko kideak. «Sektorearen indarberritze prozesua» erakutsi du “Loreak” lanaren ibilbideak bere hitzetan, eta, ildo horretan, «harro eta pozik» daude Zinemaldian aurkeztu zenetik filmak egin duen bidaia luzearekin.

AEBetan tokiko banatzaile batekin egindako promozio kanpaina indartsua jarri zuen azpimarran Obesok, horri esker estreinatu baita lana hainbat hiriburutan, Los Angelesen, Bostonen, Washingtonen edo Filadelfian, kasurako. «Jakin bagenekien banatzaile indartsuak zituzten filmak zeudela, eta, zentzu horretan, abantaila gutxiagorekin jokatzen genuen guk», nabarmendu zuen. «Kiroltasunez jokatu behar da, egindakoa ez baita makala izan», gaineratu zuen. Pozik agertu zen gainera tokiko publikoaren eta kritikaren artean “Loreak” filmak izan zuen harrera beroarekin, non gehienbat filmaren «alor femeninoa» jarri zen balioan. Bere bidea ez du, ordea, AEBetan soilik gelditzerik nahi “Loreak” filmak, eta, Obesok jakinarazi zuenez, lana nazioarteko beste herrialdeetara zabaltzen ere saiatzen ari dira, nahiz eta jakin badakiten «ez dela erraza izaten ari», lana ez baita komertziala. Txinan eta Europa erdialdean sartzea lortu dute, bederen.

40.000 euroko laguntza

Gipuzkoako Aldundiak errekonozimendua eta laguntza eskaini dio “Loreak” filmeko taldeari eta 40.000 euroko diru laguntza ematea erabaki du AEBetan egindako promozio gastuetan laguntzeko. Kultura diputatu Denis Itxasok «lehenengoz euskarazko film bat Oscar sarietan hain urrun iritsi izana» nabarmendu zuen, lanaren «sentiberatasuna eta edertasuna» goretsi zituen bitartean. Gogora ekarri zuen, halaber, Tokio, Londres, Palm Springs eta Miamiko jaialdietan ere harrera bikaina jaso zuela. Orain, “Minerita” film laburra da euskal zinemaren Oscarretako esperantza.