GARA
DONOSTIA

Maddi, mundura etortzeko presa handiena izan duena

Gipuzkoarra da Hego Euskal Herrian 2016an jaiotako lehen haurra. Maddi du izena eta osasuntsu dago. Bizkaian, Oinatz eta Udane bizkiak izan dira goiztiarrenak; Araban, Nahia, eta, Nafarroan, Iker Manuel.

Hego Euskal Herrian 2016an ospitale publiko batean jaiotako lehenengo haurra Maddi izeneko gipuzkoarra izan zen. Mundura etorri zen gauerditik hiru minutu pasa berri zirela, Arrasateko Debagoiena Ospitalean. Erditzea «normaltasunez» garatu zen eta bai umea, 3,1 kilo pisatu zituena, eta baita ama ere, osasuntsu daude.

Lurraldeka, Bizkaian Oinatz eta Udane bizkiak izan ziren urteko lehenengo haurrak. Zehazki, mutikoa jaio zen lehenago, 00.09ean eta, lau minutu geroago, bere ahizpak egin zuen. Gurutzetako Ospitalean jaio ziren eta, hurrenez hurren, 2,5 kilo eta 2,9 kilo pisatu zituzten.

Araban Nahia izeneko haurtxoa izan zen, 3,4 kiloko pisuarekin, herrialdean jaiotzen lehena. Gasteizko Txagorritxuko Ospitalean heldu zen mundura, 03.05ean. Gainera, besapean urte osorako ogia zuela egin zuen, izan ere, azken urteetan Arabako Okindegien Elkarteak egiten duen legez, urteko lehen umeari urtebetez ogi bat emango dio. Helburua, elikaduran jaki honek duen garrantziaz gizartea ohartaraztea da.

Nafarroan Iker Manuel izena jarri zioten 01.25ean jaio zen umetxoari. Hiru kilo pisatu zituen eta 49,5 zentimetro neurtu. Ogiarekin beharrean, CaixaBank banketxeak 2.000 euro dituen kontu korronte batekin saritu du jaioberria.