Matrikula bikoitidun autoak geldirik New Delhin, kutsadurak behartuta
Zenbaki bikoitidun matrikulak dauzkaten autoek debekaturik izan zuten atzo Indiako hiriburuko metropoli-eremuan zirkulatzea. Kutsadura atmosferikoa gutxitze aldera hartu zuten erabakia agintariek. Boluntarioen laguntza izan zuten herritarrak kontzientziatzeko.

Munduko hiribururik kutsatuena deitu izan zaio New Delhiri eta egunotako kutsadura atmosferikoak izen hori ondo merezita duela erakusten du. Atzo zenbaki bikoitidun matrikulak dauzkaten autoek zirkulatzeko aukerarik ez zuten izan, eta gaur gauza bera gertatuko zaie zenbaki bakoitiduna duten matrikula daukatenei.
Efe berri agentziak baieztatu zuenez kalean ikusten ziren ibilgailu gehienek zenbaki bakoitiduneko matrikulak zituzten. Iragarri zen debekua errespetatzen ez zuten gidariei 30 dolarreko isunak jarriko zaizkiela, baina atzo ez zen horrelakorik izan. «Gaur [atzo] gidariak hezten ari gara», adierazi zuen Krishan Singh inspektoreordeak.
«New Delhik lortu du. Orain arteko txostenak oso baikorrak dira eta diote neurria ondo betetzen ari dela. New Delhiko herritarrok, erronka handienei ere aurre egiteko gauza zaretela erakutsi duzue, itxaropena eraginez», adierazi zuen Twitterreko kontuan Arvind Kejriwal hiriburuko gobernuburuak.
«Defendatzaile zibilak»
Agintariei laguntzeko asmoarekin, hiriko zenbait puntutan txaleko horiak jantzita zituzten «defendatzaile zibilak» ikusi ahal izan ziren. Herritar boluntario horiek kutsadura murrizteko neurriak behar bezala betetzen direla bermatu nahi zuten, AAP Aam Aadmi alderdiak (New Delhiko Gobernua bere esku dago) sare sozial berean eskaini zituen irudietan ikusten denez.
AAP alderdiko boluntarioek pankarta berde batzuk ere bazituzten. Ingelesez eta hindiz idatzita ageri zen kanpainaren leloa: «New Delhi, kutsadurarik gabe». Eskuorri berdeak ematen zituzten informazioa zabaltzeko, eta, gidariren batek debekua bortxatuz gero, arrosa gorria ematen zioten, kontzientziatzeko. Isunik ez, oraingoz bederen.
Hiriaren erdialdean, Connaught Placen esaterako, atzo auto-ilara handiak sortu baziren ere, batez ere bazkalondoan, hiriko gainerako eremuak tankerako ilararik gabe egon ziren. Kontuan hartu behar da atzo eskolak, unibertsitateak eta bulego asko itxita egon zirela, Urteberri eguneko festaren eraginez, eta horrek auto ugari kendu zituen kaleetatik. Herritar guztiak lanera eta eskolara berriz itzultzean ikusi beharko da hartutako neurriek kutsadura murriztea lortu duten ala ez.
Jasmeret Pal Singhek New Delhiko erdigunean aparkatzea lortu du. Autotik irten gabe adierazi dio Eferi gaur normalean baino denbora gutxiago behar izan duela lanera iristeko. «Zirkulazio arina» aurkitu du bere bidean, Connaught Placeko auto-ilara albo batera utziz gero.
Gidari indiar horren iritziz, atzo abian jarritako neurria egokia da, baina agintariek aurreikusi dituzten bi asteak (hasiera batean hamabost eguneko iraupena izango duen neurri moduan aurkeztu zuten) luzatu egin beharko lirateke. Herritarrak kontzientziatzea oso garrantzitsua da kutsadurari aurre egin nahi bazaio. Oso garbi dauka hori Jasmeret Pal Singhek. Bere ustez, New Delhiko Gobernuaren eta herritarren artean ez dago nahikoa elkarreraginik, eta hori ezinbestekoa da ezer lortu nahi bada: «Kutsadurari aurre egiteko edo beste edozer lortzeko pertsonak aldatu nahi badituzu, garrantzitsua da herritarrak konbentzitzea».
Ondoko kale batean taxi-gidariak daude, bezeroen zain. Lanegun txarra izan zuten atzo, kazetariari esplikatu diotenez. Uste dute Urteberri egunaren ondorio dela hain bezero gutxi ibiltzea. Eransten dute datorren astelehenetik aurrera bezero kopuruak gora egitea espero dutela, herritar askok beren autoa etxean utzi beharko dute-eta.
Salbuespenak
Kutsadura murrizteko hartu diren neurriak ez dituzte herritar guztiek bete behar. Horrela, autoan bakarrik doazen emakumeek arazorik gabe ibiltzeko aukera izango dute. Baita 12 urte bete gabeko umeekin bidaiatzen duten emakumeek ere. Bi gurbileko ibilgailuek eta zenbait kargu politiko, judizial eta diplomatikoen autoek ere ez.
Orain hilabete iragarri zituen New Delhiko Gobernuak kutsadurari aurre egiteko zenbait neurri, matrikularen zenbakiaren araberako debekua esaterako. Handik egun batzuetara Indiako Epaitegi Gorenak neurri gehiago agindu zituen, helburu berarekin.
New Delhik hamazazpi milioi biztanle inguru ditu: munduko hiri populatuenetako bat da. Osasunaren Mundu Erakundeak egindako txosten baten arabera, planetako hiribururik kutsatuena da gaur egun. Nazio Batuen erakunde horrek egin dituen kalkuluen arabera, munduko hogei hiri kutsatuenen artean Indiako hamahiru daude.
New Delhin 7,5 milioi ibilgailu daude matrikulatuta, eta, horietako asko dieselak direnez, asko kutsatzen dute atmosfera. Thar basamortua hain gertu egoteak arazoa larriagotzen du.

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
