Sekularra izatea
Hirugarrenez jarraian, aurten ez diot urte berriari Euskal Herrian ongi etorria eman. Aurrekoetan ez bezala, lana edota dirua (atzerrian bizi garenon patu petrala) ez dira horren erantzule izan. Ez, oraingoan immigrazio legeei bota behar diet errua, zuria eta Mendebaldekoa ez den bikotekideari ukatu egin diotelako herrialdean sartzeko baimena.
Sikiera sekularra izatearen irizpidea beteko balu, baina ez, hori ere kontra dauka, sinestuna ez den arren eta erlijioa masak alienatzeko tresna iruditzen zaion arren.
Sekular izendapena Mendebaldekook dugun pribilegio esklusiboa da, kristautasunaren eragin-eremuetatik at dauden herrialdeei ukatu egiten zaiena. Bikotekidea ez zen, neu bezala, giro katoliko batean jaio. Nahiz eta neure burua katolikotzat ez dudan, katolizismoak, kultura bezala, eragina izan du nire nortasunean.
Era berean, bere burua hindutzat izan ez arren, hinduismoak, kultura bezala, eragina izan du bikotekidearen nortasunean. Alabaina, inork ez dit galdetuko katolikoa naizen, baina berari bai, galdetu egiten diote hindua ala musulmana den. Galdera ez da erantzuten erraza.
Esango banu: ez naiz katolikoa erlijioa praktikatzen ez dudalako, baina bai, giro katoliko batean jaio nintzen eta haren eragina jaso dut, ulertuko lukete zertaz ari naizen? Bada bikotekideak, edo Pakistaneko haren lagunak, gauza bera egiten dutenean “hindu” eta “musulman” hitzak erabiliz, emaitza ez da baikorra izaten. Erlijioa praktikatzen dutenen eta kulturalki modu batean identifikatzen direnen arteko bereizketa ez da aplikagarria haien kasuan.

«La maternidad nos da la oportunidad de aprender a mirar a nuestra niña interna»

Sabin Etxea fía ahora a un juez la resolución de su crisis en Getxo

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»
