«Mendeku politika» salatu dute aske gelditu diren 28ek
2010ean atxilotu zituzten 28 gazteek poztasuna adierazi dute epaiketen ostean errugabe direla frogatu delako eta eskerrak eman dizkiete azken urteotan babesa eskaini dieten guztiei. Hala ere, «amorrua» ere adierazi dute Euskal Herriaren kontra gobernuek aurrera eramandako «mendeku politikarengatik». Euren auzia ez dela amaitu ere gogoratu dute, gazteak defendatzeko egindako Gasteizko herri harresian atxilotutako hainbat lagun inputatuta baitaude.

Duela bost urte ertzainek 28 gazte atxilotu zituzten Segiren partaide izatea egotzita. Inkomunikatuta egon ziren, torturak jasan zituzten eta kartzelan ere egon ziren. 2014ean egin zuten gazteon epaiketa, eta, orain, behin auzia amaituta, frogatu da errugabeak zirela, arrazoia zutela hasieratik. Horregatik, 28ak pozik daude eta euren zoriontasuna plazaratzeko prentsaurrekoa eskaini zuten atzo Gasteizen. Hala ere, badute zer salatu eta argi utzi zuten atzo. «Inork ez dizkigu espetxean emandako urte horiek guztiak bueltatuko, ezta torturak gugan utzitako zauri sakonak sendatuko; inork ez digu egindako minagatik barkamenik eskatuko ez geuri ez geure senideei. Ezta behar ere! Gure nahi handiena epaiketa hauek, eta euskal militanteen kontra, oro har, Espainiak zein Frantziak ezartzen duten mendeku politika amai dadila da», esan zuten oraindik egun bizi den egoera salatuz.
Memoria asko aipatzen da garaiotan, eta, horregatik, oroitu nahi izan zuten «gure herria hamaika modutan zigortua izan dela bere herritarren konpromiso militantea apaltzeko asmoz».
Haien auziari dagokionez, azaldu zuten Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazara bueltatzea ez zela kasualitatea izan. Izan ere, bertan elkartu ziren iaz herritar pila bat atxilotu behar zituzten gazteak babesteko asmoz, mozorrotuta, erresistentzia erakutsiz, elkartasuna eskainiz. «Ez dugu ukatuko, ez dugu ukatu nahi, zorion uneak direla guretzat. Bost urte luze iraun dituen fase bati amaiera ematen ari gara, gure lagun eta familiekin berrelkartu gara, eta, batez ere, gure bizitzak berreskuratzen gabiltza. Izan ere, azken bost urteotan zehar, espainiar sasi-justiziak bahituta izan gaitu, Nafarroako eta EAEko gobernuen babes eta laguntzarekin», salatu zuten. «Tartetxo hau baliatu nahi dugu gogoratzeko oraindik ezin dugula gure sumarioa guztiz amaitutzat eman. Izan ere, gu jadanik libre gaudela, gu babesteagatik Gasteizko herri harresian parte hartu izanagatik hainbat lagun epaitu nahi dituzte. Hori dela eta, inputatutako pertsonei gure babesik handiena adierazi nahi diegu. Gu zuek gara, zuek gu zarete! Horrekin batera, beste behin ere, Ertzaintzaren jarrera salatu behar dugu. Bada garaia estatuaren zentzugabeko kate errepresiboarekin hausteko», azpimarratu zuten.
Lakuari kritika
Lakuako Gobernua Gasteizko herri harresi hura bezalako ekimenen eta horrek suposatzen duen «euskal jendartearen konpromiso eta elkartasunaren beldur» dela uste dute 28 gazteek, eta horregatik eskatu zuela euren atxiloketa. «Auzitegi Gorenaren sententzia atera aurretik ere gure atxiloketa eragin eta gauzatu zuena Ertzaintza izan zen. Haiei ere aski dela esaten diegu, behingoz utzi diezaiotela espainiar legeriaren pean egoteari eta lerroka daitezela justizia lerroetan», salatu zuten.
Baina bizi izan dituzten gauza negatibo guztiak alde batera utzita –«tortura, dispertsioa, epaiketa politikoa, atxiloketak, polizia bortizkeria...»–, itxaropentsu amaitu nahi izan zuten prentsaurrekoa. «Deia luzatu nahi dizuegu, orain arte bezala, inoiz ez bezala, borrokan jarraitzeko, soilik borrokak egingo gaituelako libre!», bota zuten. Zentzu horretan, «espetxe politika anker honekin» amaitzeko bidean, urtarrilaren 9ko Bilbo eta Baionako manifestazioetara joateko deia egin zuten.
Azkenik, ez zituzten ahaztu nahi izan azken bost urte hauetan bidelagun izan dituzten guztiak: «Eskerrik asko gure senide eta lagunei; gure alboan egon zareten ezagun eta ezezagunei; Eleak-eko jendeari; gure herrietan Libre taldeetan parte hartu duzuen guztiei; Internet bidez, boleto bat erosten, kartel bat jartzen, manifa edo ekitaldi batera joaten zuen babesa adierazi diguzuenoi; Gasteizko herri harresian parte hartu zenuten guztioi; desobedientzia bidelagun izanda hamarnaka ekimenetan parte hartu duzuenoi; espetxean hainbeste lagundu gaituzuen kideei. Eskerrik asko euskal jendarteari! Eskerrik asko, desobedientziaren eraginkortasuna mahai gainean jarri izanagatik, estatuen erasoen eta ezezkoen aurrean desobedientziak duen potentzial askatzailea erakusteagatik».

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra
