J.L.
PILOTA

Monzek eta Amuletek uste baino errazago lortu dute sailkatzea

Amulet, Monze eta Ospital egin dute aurrera Berezkoen Buruz Buruko Txapelketan. Azken horek, gainera, jokatu gabe sailkatzeko modua izan du.

Sarako Pleka trinketean jokatu ziren herenegungo partidak, eta bertan Amuletek lehen neurketan 40 eta 24 irabazi zion Agirreri. Lehen kintzetan bakarrik izan zen emozioa, zortzigarren kintzera arte. Berdinketak bi besterik ez ziren izan eta Agirre unerik gehienetan aurretik izan zen hasieran, baina berehala hasi zen partida erabakitzen.

Amulet, apurka-apurka zuloa egiten hasi zen, eta Agirreri kanporaketak ihes egin zion. Amuletek aldeari eustea nahikoa izan zuen hurrengo kanporaketako txartela eskuratzeko. Saketik hamalau tanto egin zituen Amuletek, eta hiru Agirrek. Jokoan, 21 egin zituen Amuletek, eta hiru galdu. Agirrek, aldiz, hemezortzi egin, eta bost galdu zituen. Partidako markagailua honela mugitu zen: 0-2, 3-3, 8-8, 15-11, 20-14, 26-15, 29-18, 37-20 eta 40-24.

Bigarren kanporaketa Monzek irabazi zuen 62 minututan Laurent Lanbert 40-29 mendean hartuta, nahiz eta Lanberten alde atera zen dirua. Neurketa honek ere ez zuen izan aparteko emoziorik, Monze azkar jarri baitzen aurretik eta aldeari eustea nahikoa izan baitzuen.

Hiruna adostuta egon ostean, garaipena lortu zuen pilotariak ihes egin zuen, eta Lanberti ezinezkoa egin zitzaion harrapatzea. Saketik hamarna tanto egin zituen pilotari bakoitzak. Jokoan, berriz, 22 egin zituen Monzek, eta hamar galdu, eta Lanbertek bederatzi egin eta zortzi galdu. Markagailua honela mugitu zen: 2-0, 3-3, 13-4, 18-6, 25-14, 29-21, 32-23, 36-25 eta 40-19.

Aurrera egin duen hirugarrena Ospital izan da. Honek gaur jokatu behar zuen Etxeberriren aurka, baina azken honek bizkarreko arazoak ez ditu gainditu eta ez jokatzea erabaki du. Ondorioz, Ospitalek jokatu gabe lortu du hurrengo kanporaketako txartela. Bestela ere bera zen irabazteko faborito garbia.

Gaurkoa

Gaur arratsaldean, 17.00etan jokatuko da jardunaldia amaitzeko falta den partida bakarra. Bertan Bielle eta Lazkano arituko dira nor baino nor. Dirua Lazkanoren alde dago, baina kontuz ibili beharko du, Biellek berea egiten baldin badu Lazkanok oso partida zaila izango baitu. Bielle ezkertia da eta horrek zailtasunak sortzen dizkio une batzuetan; eskuina ez du gehiegi erabiltzen, baina, hori bai, pilotari abiada handia ematen dio.