Jon LEUNDA
Entrevista
GORKA KIJERA
MIRANDES TALDEKO JOKALARIA

«Honela jarraituta goian egoteko aukerak izango ditugula uste dut»

Gorka Kijerarentzat azken urte hauek bikainak ari dira izaten. Segur aski Eibarren eta Mirandesen ari da urterik onenak ematen. Gipuzkoarrekin Lehen Mailara igotzeko aukera izan zuen orain dela bi urte. Tankerako egoera bizi du orain Mirandan. Gutxik uste dute Mirandes Lehen Mailara igoko denik, baina orain bi urte ere inork gutxik uste zuen Eibar maila nagusira igoko zela.

Gorka Kijera gustura ari da Mirandes taldearekin. Une honetan Lehen Mailara igotzeko kanporaketak jokatzeko postuan dago bere taldea, eta Kopan Lehen Mailako talde bat kanporatu ostean, bigarren bati gauza bera egiteko asmotan daude Anduvan. Hernani, Real Sociedad, Athletic, Eibar, Real Union eta Cartagena ere ezagutzen ditu, aurretik talde horietan aritutakoa baita. Hernaniarra, Mirandako taldeko hamaikakoan ezinbestekoa bihurtu da.

Gauzak nola doazen ikusita, gustura egongo zara, ezta?

Bai, oso. Denboraldi oso ona ari gara egiten. Une honetan Lehen Mailara igotzeko kanporaketak jokatzeko postuetan gaude, eta Kopan jadanik Lehen Mailako talde bat kanporatu dugu, eta Deportivo ere mendean hartzeko itxaropena ere badaukagu. Badakigu zaila izango dela, baina aukerak izango ditugu.

Hamaikakoetan ohikoa izateak ere lagunduko du, ezta?

Dudarik gabe. Behin etxetik ateratakoan jokatzeko izan behar da, bestela zaila egiten da denboraldia. Hala ere, Mirandan egotea etxean egotea bezalakoa da. Hernanitik ordu eta laurdenera dago, eta ohiturak ere oso tankerakoak dira.

 

Jendeak sinesten al du egiten ari zaretenarekin eta lor dezakezuenarekin?

Une honetan esango banu aurten Lehen Mailara igoko garela, denek barre egingo lukete, baina uste dut denek ikusten dutela kanporaketak jokatzeko aukera. Hala ere, gauzak ongi aztertu behar dira; izan ere, Bigarren Maila estua da, eta une honetan goian gaude, baina emaitza txar batzuekin behera joan gintezke. Hau oso luzea izaten da. Zuzeneko igoerako postuak gertu dauzkagu, baina jaitsierakoak ere ez daude urruti, eta lanean jarraitu beharra daukagu.

Aurtengo Bigarren Mailak badauka orain dela bi urtekoarekin zerikusirik?

Nik parekotasun handia ematen diot. Orduan ere edozeinek edozeini irabazten zion eta aurten ere bai. Gogoan daukat orduan Eibarrekin lehen postuetan amaitu genuela lehen itzulia, baina jaitsierako postuak ere gertu zeudela. Aurten ere gauzak berdintsu daude.

Bestela ere ba al dauka Mirandesek Eibarren antzik?

Bai, gauza batzuetan bai behintzat. Aldagela batua dago hemen ere, eta nik uste dut Mirandesentzat Eibar eredu bat dela. Honek ere ez du ez daukan ezer eskainiko, eta agindutakoa egunean betetzen du. Miranda, Eibar bezalaxe hiri txiki bat da, eta horretan ere badute tankera. Oso gustura nago.

Mirandesen zaleak esaten duten bezain beroak al dira?

Bai. Taldeari babes handia ematen diote partida guztietan, eta hori eskertzekoa da. Hemen badago gauza garrantzitsu bat: hemengo zaleak aurrena Mirandesen aldekoak dira. Gustatzen zaie talde handiak ikustea, baina edozeini galdetu, eta denek lehen taldea Mirandes dela esango dizute. Hori ageri da zelaian, eta kalean ere nabari da.

Eta euskal zaleen antzik ba al dute?

Nik tankerakoak direla esango nuke. Azken batean, Euskal Herria Mirandako sarreran amaitzen da, eta hemengo jende askok Araban egiten du lan, edo familia han dute. Tankerakoak dira. Ni kanpoan Cartagenan ere egona naiz, eta hark bai ez daukala Euskal Herriarekin zerikusirik, baina ezertan ere ez.

Nola ikusten dituzu mailako hiru euskal taldeak?

Alaves oso ondo. Talde oso indartsua dauka, eta irabazteko oso zaila da. Nik Lehen Mailara igotzeko faborito nagusitzat daukat. Azkenean, Liga luzea da eta edozer gerta daiteke, baina garbi daukat Alaves aurreneko lauren artean izango dela. Osasunarekin ez daukat horren garbi. Alaves zuzenean igo edo kanporaketa jokatuko duela segurutzat jotzen dut, baina nafarrekin ez nuke esango horrelakorik. Orain behera egin du, eta ez dut Alaves bezain talde indartsua ikusten. Athletic Bk, berriz, bigarren talde gehienak bezala, jokalari oso onak ditu, baina oso gazteak dira eta eskarmentua falta zaie. Iaz Bartzelona B zegoen Bigarren Mailan. Aurten jokalari haietako asko Lehen Mailan ari dira, baina iaz Bigarren Maila galdu zuten. Hemen aritzeko kalitateaz gain, beste zerbait behar da.

Alavesez gain, Lehen Mailara igotzeko zein da zuretzat beste talde faboritoa?

Niretzat Cordoba. Biei irabazi diegu denboraldi honetan, baina niretzat eurak dira mailako bi talderik onenak. Gero Zaragoza edo Elx ere oso kontuan hartu behar dira. Nire ustez horiek dira zuzenean igotzeko aukera gehien izango dituztenak. Gero, kanporaketak jokatzeko, beste talde mordo batek izan ditzake aukerak, eta gauzak ongi egiten jarraitzen badugu, guk ere hor egon behar dugu.