GARA
BILBO

Malas Compañias-en «Letter, eskutitz baten bidaia», Arriaga antzokian

Zirkuaren eta antzerkiaren artean dagoen ikuskizuna eskainiko du gaur Malas Compañias zirku taldeak Bilboko Arriaga antzokian: “Letter, eskutitz baten bidaia”.

Taldearen lan berri honetan, Diego Aimar, Mikel Pikaza eta Aritza Rodriguez antzezleak izango dira taula gainean, eta istorioaren oinarria hitzarekin hertsiki lotuta dagoen elementua bada ere, antzezlanean hitz bakar bat ez dela egongo aurreratu dute antolatzaileek: «Gezurra badirudi ere, hitzak baztertu egingo dituzte hitzarekin lotura handia duen elementu batean, gutunean, zentratuta dagoen istorio bat kontatzeko».

Gaineratu dutenaren arabera, hiru interpreteek keinuen eta bestelako adierazpenen bidez komunikatzeko duten «gaitasun erakustaldi zirraragarri eta moldakorrari» gehitu behar zaio Agurtzane Intxaurragaren zuzendaritza «bikaina». Era berean, Carlos Imazen musika ere goraipatu dute antolatzaileek, «batzuetan indartsua eta beste batzuetan leuna» dela nabarmenduz, eta Iñaki Etxeandiaren eszenografia «ederra» ere azpimarratu dute.

“Letter, eskutitz baten bidaia” Arriagako Gelatxoak programazioaren barruan eskainiko dute, agertokian, gaur arratsaldeko zortzietatik aurrera. Antzezlana publiko ororentzat egokia dela azaldu dute, eta sarrerak 9 eta 14 euroren artean eskura daitezke, ohiko bideetatik. Alde batetik, www.teatroarriaga.com helbidean, eta baita 94 685 08 50 telefonora deituta edota antzokiko txarteldegian bertan ere, aurretiazko salmentako ohiko ordutegian.