GARA
TEHERAN

Teheranek Yemengo Enbaxada bonbardatu izana leporatu dio Riadi

Saudi Arabiako gerra hegazkinek «propio» bonbardatu zuten atzo Iranek Sana Yemengo hiriburuan duen Enbaxada, Hosein Jaber Ansari Irango Atzerri Ministerioko eledunak atzo salatu zuenez. Saud familiaren erreinuko produkturik ez du inportatuko Teheranek.

Riaden eta Teheranen arteko tentsioak gora egiten jarraitzen du eta Saudi Arabiak zuzentzen duen koalizio militarrak Iranek Yemenen duen Enbaxadaren aurkako aire erasoa egin zuen atzo. Jaber Ansari eledunak eskaini zituen datuen arabera, erasoak zenbait zauritu eragin zituen eraikinean zeuden langileen artean: «Saudi Arabia da Enbaxadan eragindako kalteen eta bertako langileei eragindako zaurien erantzule nagusia».

Ekialde Hurbileko bi potentzien arteko harremanak hilaren 2an gaiztotu ziren, saudiarabiarrek kleriko xii bat (islamaren adar hori da nagusi Iranen, eta Saudi Arabian xiitek gutxiengo garrantzitsu bat osatzen dute) exekutatu zutenean.

Geroztik exekuzioaren eta Saudi Arabiaren aurkako makina bat mobilizazio egin dira herrialde musulman batzuetan. Gainera, Iranen bertan, ustezko «manifestariek» saudiarabiarren ordezkaritza diplomatikoari eraso egin zioten.

Ondorioz, Riadek erabaki zuen bi herrialdeen arteko harremanak erabat etetea. Beste herrialde batzuek bat egin dute geroztik Riadekin. Somaliak, esaterako, atzo jakinarazi zuen Iranekin dituen harremanak haustea erabaki duela. Muqdishoko agintariek Teherani leporatu diote Afrikako Adarreko segurtasuna eta batasuna apurtzeko ahaleginak egin izana. Somaliak hiru egun eman dizkie irandar ordezkariei herrialdea utz dezaten.

Nimr Baqir al Nimr kleriko xiitaren exekuzioaren aurkako protestak Bahrainera ere iritsi ziren. Herrialde arabiar horretako populazioaren gehiengoa xiita da, baina agintean sunitak daude. Bertan ere istiluak izan dira eta agintariek erabaki zuten Teheranekin zituzten harremanak etetea.