Gazteek tinko eta bertze era batera heldu diote lekukoari

Gazteak dira etorkizuna, sarri aipatzen den esaldia da. Inplikatzen al dira presoen egoera larria konpontzeko lanean? Hartu al dute konpromisoaren testigua? Edo gero eta burusoil eta ileurdin gehiago dago manifestazioetan?
17.30, txalo eta oihu sentituak martxa abiatzean, eta dagoeneko barruko buelta hori. Mirentxin furgonetak atera dira aurrena, gero senideak eta gibelean, jende olatuak Bilboko kaleak astintzen. Adin guztietako uhinak daude. Badaude beteranoak, pauso hauek berak hamaika aldiz emanak dituztenak eta sendo jarraitzen dutenak; badira familia pila bat, umeak eskutik hartuta balio hauek transmititzen saiatzen direnak; eta bada, jakina, gazte kuadrilla ugari, begiak zabal-zabalik gauza berriak deskubritzen.
Gazteak izanagatik, batzuek aski ezaguna dute manifestazioa, txikitatik parte hartu izan dutelako gurasoekin. Orain lagunekin datoz eta, Irati, Oihane eta Aneren kasuan bezala, batzuek pauso bat gehiago eman dute, peto horia jantziz. Antolaketaren gastuei aurre egiteko dirua biltzen ari diren oiartzuar hauek inplikatuta ikusten dituzte gazteak, baina «modua aldatu» dela deritzote.
«Guk ere erreferente bezala dugu hitzordu hau, baina egia da egunero jarraitu behar dela eta horretan bai galdu dela, beste neurri batean egiten da, bizitza erritmoa asko aldatu delako». Argitu dutenez, «gai hau ez dago gazteon esku bakarrik. Denon konpromisoa behar da. Halere, inportantea da erreleboa egotea». Eurak «naturalki» inplikatu direla kontatu digute. «Zoritxarrez, lagunartean, familian, herrian, denok dugu urrun, preso edo erbestean den norbait eta egunerokoan kezkatzen gaituen gai bat da». «Ea azken manifestazioa den» itxaropentsu batekin agurtu dira.
Lehenbizikoz etorriak
Ruth eta Gustavo umez inguratuta daude, tartean Itxasne eta Maddi, apunteak hartzen ditugun bitartean koadernoan burua sartuta, kuriositatez eta irriz. Ez dago zalantzarik ongi pasatzen dutela. Helduek esplikatu digute erreleboa ematen saiatzen direla, manifestazioetara haurrekin joanez. Muskizetik eta Gallartatik datoz. Haiek ere gaztetatik inplikatu dira eta hileroko elkarretaratzeetan ez hainbertze baina hemen bai ikusten dituztela neska-mutilak.
Amalia, Mara, Eider eta Jone hernaniarrak, 17 urterekin, aurrenekoz batu dira zitara. Pipak janez agertu digute «kausagatik» etorri direla.
Beraz, baieztatzen ahal dugu gazteek heldu diotela testiguari, bertze era batera, eta tinko.

«La maternidad nos da la oportunidad de aprender a mirar a nuestra niña interna»

Sabin Etxea fía ahora a un juez la resolución de su crisis en Getxo

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»
