G. M. ZUBIARRAIN
HENDAIA

Tan parran tan! Tan parran tan! Tan! Galdutako danborren bila Hendaian

Buruhauste galanta izan da aurten aspaldidanik herriko festetako ikur nagusietakoa, danbor jotzea, antolatzea. Herriko Etxearen eta lehengo jai batzordearen arteko iskanbilak danborrik gabe utzi ditu hendaiarrak, ezker-eskuin haien bila ibili beharrean izan direnak.

Gatzik gabeko ogia lirateke danbor hotsik gabeko bixintxoak Hendaian, aspalditxoko ohitura baita danborrada Bidasoako hirian. Tan parran tan hotsek dakarte martxa, gatza eta piperra. Aurten, ordea, ez da erraza izan urtarrilaren 23rako 700 bat danbor ezker-eskuin batzea. Lan horretan aritu da Hendaiako danborradaren bultzatzaile Txema Egiguren: «lotsagarria da aurreko jai batzordearen jarrera, danborrak urre prezioan alokatu nahi izan dizkigu Herriko Etxearekin duten liskarra dela-eta», jalki zaio.

Iaz arte elkarte batek, Jai Batzordeak, antolatu izan ditu nagusiki bixintxoak Hendaian. Elkarte horrek bazituen 500 bat danbor erosiak, jaietarako beste makina bat gauzaren artean: plantxak, lapikoak, mahaiak, sukalde-tresnak, horiek guztiak alderik alde mugitzeko kamioia… Ipar Euskal Herriko herrietan maiz topatzen den argazkia horixe. Langile bat ere bazuten jaiek eskatzen duten kudeaketa lan guztiak bere gain hartzeko.

Egoera, ordea, errotik aldatu zen 2014ko udal hauteskundeen ondotik, Kotte Ezenarro sozialistak herriko aginte makila berriro hartu zuenetik. Herri mailan nahiko giro nahasian egin ziren hauteskunde haiek. Ez zen agintaldi barea izan Battitte Sallaberry aurreko alkatearena eta zerrenda ugari izan ziren elkarren artean lehian, ez beti era horren garbian.

Agintaldi berria hastearekin norabide berria hartu zuten bixintxoek: festen antolaketa Jai Batzordea elkartearen esku utzi beharrean, aurrerantzean udal baliabide eta langileen bidez egitea ebatzi zuen Ezenarroren taldeak, eta hortaz, Udalak ematen zizkion laguntza guztiak, 250.000 eurotik gorakoak, eten zizkion elkarte horri. Hortxe piztu zen bi aldeen artean oraindik bizi-bizi, eta bizi bakarrik ez, baita auzibidean ere itxura guztien arabera, doan liskarra, herriko danborrada bera kinkan jarri duena.

Elkarteen ezin ikusia

Erabaki hori hartzean zerikusi handia izan zuen, hain zuzen, Jai Batzordeko arduradunek erakutsitako alderdikeriak eta kudeaketak. Itzal handiko elkartekide batzuek Richard Beitia buru zuen zerrendan aurkeztu zuten beren burua. Herriko elkarte askok ez dute gehiago beraiekin lan egin nahi.

Iazko jaietatik zentzua erabat galdurik, likidatze bidean jarri zuen bere burua Jai Batzorde elkarteak gastuei aurre egin ezinda eta urtetan metatutako ondasun eta azpiegiturak saltzeari ekin zion, tartean, besteak beste, herriko danborradarako erabiltzen zituzten atabalik gehienak, elkarteko arduradunek jakitera eman dutenez. Saltzeke dituzten 200 bat horiek aurtengo danborradarako beharrean direnei saltzeko edo alokatzeko prest dira Jai Batzordea elkarteak sosak lortzeko. Iaz tankerako akordio bat erdietsi zuten Herriko Etxeak eta elkarteak, baina ez zuen aurrera egin herriko eragileen haserreak eraginda.

Udalak utzitako lokala hustu behar izan du, bestetik, Jai Batzordeak. Bertan eraikia zuten sukaldea eta han gordeta zeuzkaten orgak norenak diren bi aldeak, Udala eta elkartea, ez daude ados. Antzera dabiltza azken diru laguntzarekin. 2014ko laguntzetan aurreikusitako kopurutik 52.249 euro ez dizkie Udalak eman, horiek 2015eko festak antolatzeko eskatu zirela argudio hartuta. Elkarteak, berriz, badagokiela, sokaren beste aldetik tira. Saiatu dira bi aldeak epaitegietako bideari ekin aurretik adiskidetze akordio bat erdiesten, abokatuak tarteko. Kale egin du asmoak.

Herrian bazterrak nahastu dituen kontuak “Goenkale” itxura hartu duen bitartean, buruhaustea izan da aurten Hendaiako danborradarentzat. Erramun Martikorenaren doinuan abesteko moduan ibili dira: «non zaude, zein garajetan, Hendaiako danborra? Goizaldeko ordu txikitan, Udal eta Jai Elkartearen arteko liskarrean, ihesean joan zinena…».