Hareazko erlojuaren pare
Pilotari profesionaletatik 26, alegia, %56,52, 25 urtez azpikoak dira eta tarteko adina dutenak, oso gutxi.

Logikaren kontra, Aspe eta Asegarceko koadro profesionaleko pilotarien adin piramidea, hareazko erloju bat bezala, erdian estua eta bi muturretan, batez ere behekoan, zabalagoa da egun. Iraupenekoak ez beste kiroletan, 27-28 urteak, sasoia oraindik bete-betean dela eta esperientzia puska bat lortuta, dira goi mailan aritzeko adin egokiena, baina honetan ere pilota kirol desberdina da, adin horretako hiru pilotari baino ez baitaude –Mendizabal III.a (27 bete berria), Cecilio eta Ibai Zabala (28)– bi enpresa handiak osatzen dituzten 46 pilotarien artean.
Inolako zehaztasun matematiko eta zientifikorik gabe, profesionalak hiru multzo nagusitan sailkatuz gero –hasiberriak, zenbaki bat jartzearren 25 urtera artekoak; erdibidekoak, 25-30 tarte horretan daudenak; eta beteranoak, hortik gorakoak–, nabarmena da erdiko gune horretan dagoen hutsunea. Nolabait esatearren, belaunaldi galdu batez hitz egin genezake; izan ere, Mikel Urrutikoetxea (26) salbu, multzo horretan leudekeen gainerakoek –Arretxe, Olaetxea, Retegi (30), Merino I.a, Iza (29), Ibai Zabala, Cecilio (28), Mendizabal III.a (27), Idoate, Beroiz (26)– oso protagonismo txikia dute. Oraintxe jokoan den Binakakora begiratu baino ez dago; Urrutikoetxea eta Beroiz lirateke titular bakarrak, Zubietaren lesioak Merino I.ari aukera eman zion artean.
Beteranoak zenbaki orokorretan ez dira horrenbeste, baina duten protagonismoa, proportzioan askoz handiagoa da, Xala (36) eta Apraiz (31) ez beste guztiek lekua izan baitute urteko txapelketarik luzeenean: Bengoetxea, Zubieta (31), Irujo (34), Aimar Olaizola (36), Barriola (37) eta Pablo Berasaluze (38).
Izarrak eta gazteak
Galaktikoen aroan Florentino Perezek Real Madriden «Zidane eta Pavon-en gisakoak» nahi zituen bezala, esan liteke pilotaren ardura duten teknikariek gazteak eta izarrak nahi dituztela euren taldeetan.
Lekutan geratu dira «enpresa pilotariak» horren preziatuak ziren garaiak, edozein konpromiso betetzeko edozein unetan deitu eta partida jokatzeko prest zeuden pilotari multzo handi haien garaiak.
Enpresetan izan diren azken mugimenduek –Erostarbe, Arteaga, Imaz eta Elordiren debutak eta Aritz Lasa, Larrinaga, Saralegi edo Begino bezalakoen agurrek–, gainera, garbi uzten dute joera hori, murriztetik urrun, luzerako dela.
Pilotarien batez besteko adinari begiratuta, Aspeko pilotariena 25,2 urtekoa da eta Asegarcekoari erreparatuta ez du alde handirik, 25,9koa da eta. Orokorrean hartuta, aipatutako 46 pilotarietatik 26, hau da, pilotarien %56,52, 25 urtetik beherakoak dira, eta ziur asko esanguratsuena dena, profesional gisa daramaten urteen batez bestekoa 5,25 urtekoa da. Alor honetan, 17 denboraldi daramatzaten Berasaluze II.a, Aimar Olaizola eta Abel Barriola dira goiko mugan daudenak, 2015ean debuta egindakoak zazpi diren bitartean –Agirre, Arteaga, Dario, Elordi, Erostarbe, Irribarria eta Irusta–.
Honen atzean, ezbairik gabe, arrazoi ekonomikoak eta kontsumo ohituren aldaketak daude. Gaur egun, hiru partidako jaialdiak salbuespena dira eta enpresek gero eta pilotari gutxiago behar dituzte euren programazioak betetzeko. Horretaz gain, profesional berriekin soldaten kostua murriztea lortu dute, garai bateko fitxak altuagoak baitziren, eta ez da ahaztu behar debutaren inguruan sortzen den ilusioari esker ere sarrerei dagokienez etekin politak lortzen dituztela enpresek. Aukera gehiago bai, baina oso denbora murritzean asko erakutsi beharra daukate profesional berriek.

«El algoritmo se ha erigido en una arma de guerra»

A Xabi Alonso y al Real Madrid se les rompió el amor de tanto usarlo

«El imperio norteamericano quiere llevarse el petróleo sin pagar»

Una iniciativa europea contra el pacto UE-Israel busca un millón de firmas
