«Sostenguen aniztasuna erakutsi dugu berriro, uneak duen garrantzia ulertu da»
Sarerekin batera Baionan eta Bilbon antolatu zituen manifestazio jendetsuen balorazio baikorra egin du Bagoazek. Ostegunerako, Lorentxa Guimonen helegitearen azterketaren karietara, elkarretaratzea deitu dute Angelun. Etorkizunari begira izanen dituzten erronken ikuspegi orokorra ere eman du Emilie Martinek.

Larunbatean Baionan egin zen manifestazioaren gainean ze bilan egiten duzue?
Baikorra. Kopuru mailan, jende anitz elkartu zen Baionan, Ipar zein Hego Euskal Herriko jendea, egun osoan zehar. Lortu dugu berriz ere Baionako karrikak betetzea. Duela bi urteko manifestazioa jendetsua izan zen, duela lau urtekoa ere bai. Aieteko Konferentzia izan zenetik izan diren hiru mobilizazioei erantzun die jendeak.
Manifestazioaren aurretik sostengu ugari izan ziren, eta egunean berean ere hautetsi anitz baziren, banderolaren gibelean presente. Beraz, beste aldi batez erakutsi dugu Ipar Euskal Herrian dagoen sostenguen aniztasuna; gure parioa irabazia da.
Hegoaldetik begiratuta, hautetsien aniztasun hori deigarria da.
Pentsatzen dugu hemengo hautetsi eta eragileek unearen garrantzia ulertu dutela; izan diren mobilizazioetan edo bake foroetan parte hartu dute. Ulertzen dute presoen gaia konpondu behar dela, eta konpontzen ez bada prozesua ez dela aitzinera joanen.
Manifestazioak Parisen eta Madrilen oihartzuna izanen duela uste duzu?
Noski, Baionakoa, Parisi dagokionez, ez zen manifestazio txikia izan. Ez dira hemen hainbeste manifestazio izaten hain handiak. Eta Estatu frantsesean ez da anitzetan ikusten horrelako aniztasuna, eskuin alderdietatik hasi eta ezkerreraino, gaia edozein izanik ere. Beraz, bai, Paris interpelatuko dugula uste dugu. Ostiralean estatu mailan AFP informazio agentziak egindako artikulua hainbat hedabidek hartu zuten.
Ostegunean Lorentxa Guimonen baldintzapeko askatasun eskaera auzia izanen da, prokuradoreak aurkeztu zuen helegitearen ondotik. Protagonistetako bat izan zen larunbateko martxan.
Lorentxaren kasuari eman nahi izan diogu atentzio handia, bere osasun egoera larria delako. Bere kasuak islatzen du, halaber, erabaki politikoa dela. Baldintzapeko askatasuna onartua da, bere osasun egoera dela eta, behar den bezala artatua izateko. Baina prokuradoreak, Estatuak, helegitea aurkeztu du. Helegite horregatik izan ez balitz, Lorentxa kanpoan egoten ahal zen abenduaren erdialdetik. Ikusten dugu badela mendeku ikuspegia, bere kasua begiratuta.
Atzo Sarek kanpaina berria aurkeztu zuen; giza eskubideen trenera igotzera gomitatzen du euskal gizartea. Zuek ez duzue kanpaina horretan parte hartzen, zeintzuk dira aurreikusiak dituzuen ekintzak?
Oraingoz Sarerekin manifestazio hori antolatu dugu. Oraingoz ez dago asmorik dinamika komun iraunkorrik martxan jartzeko. Lehenik behar dugu harremana egonkortu, eta ongi osatu. Heldu den asteetan publiko eginen dugu martxan jarriko dugun dinamika berri bat. Asmoa da, manifestazioa aitzin, irailean, egin genituen jardunaldietatik bigarren pausora pasatzea. Hainbat ideia atera ziren bertatik, eta horiekin herriz herri joan nahi dugu, dinamikak bultzatzera sinpleki. Horretan ari gara.
Zeintzuk diren aitzinatzen ahal duzu?
Hainbat ideia atera ziren esparru ezberdinei begira, Estatuari, Europari eta lokalki, sektore ezberdinei begira. Lehenik begiratuko dugu herrietan zer jarri ahal dugun martxan gizartea interpelatzeko. Egia da Ipar Euskal Herriko gizartearen parte handi batek ez duela ezagutzen euskal gatazka, euskal preso politiko bat zer den, ezta bake prozesua ere. Hirietako jendeek nahiko urrunetik bizi dute, gure iritziko; beraz, landuko dugu nola ailegatu beraiengana. Hori da aurreikusten den lana heldu den hilabeteei begira. Uste dugu larunbatekoak lagunduko duela, ez baitira horrelako manifestazio handiak egiten Baionan. Idoia ERASO

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria
