Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Argazkia

Plantak egin izana egotzi diote Carolina Bescansari; badakizue, Espainiako Estatuko Diputatuen Kongresura haurtxoagaz joateko ausardia izan zuen diputatuari. Jakinaren gainean zaudete, ziur, bolo-bolo ibili baita telebistan zein prentsan. Txundigarria iruditzen zait beti zelan bihurtzen diren politikaren munduan halako pasadizoak trending topic. Halakoengatik ez balitz, zalantza daukat jende asko ohartu ere egingo litzatekeen Kongresuan gauzak gertatzen direla, eta aldatu ere aldatu dela hauteskundeen ondoren, sekula baino alderdi gehiago sartuta: aretoko batez besteko adina dezente jaitsi da, gorbatadun jantziak eta orrazkera motz formalak murriztu egin dira, azalaren kolorea jada ez da erabat zuri-zuria, inoiz baino emakume gehiago dago… eta batzuk, noski, ama ere badira diputatu izateaz gain, eta, diputatu-molde asko dagoen bezala, ama guztiak ez dira berdinak, ikuskera eta balio bakar berberez onduak.

Argazkia lortu nahia egotzi diote diputatuari beste alderdi kontserbadoreago batzuetako hainbat emakumek (beste foro batzuetan sutsuki defendatuko dutenek amatasuna, baina amatasun eredu bakar eta jada finkatua), besteak beste. Kontuan hartu gabe diputatua emakumea ere badela, eta ama, eta egingo zituela bere aukerak behar egiteko eta ama izateko moduei dagokienez, ez dutenak zertan izan «ohikoak» edo jendartean zabalduenak, alegia, sustatzen diren bakarrak. Politika bezalako gauza hain serioan tontakeriak eginez hasi izana aurpegiratu diote. Antza, ergelkeria iruditzen zaie emakumeon gain erabat uzten duten arazo hori –lana eta familia nork bere printzipio eta erabakien arabera uztartzeko ezintasuna– plaza publikora eramatea eta politikariak eurak hastea erakusten aukera desberdinekiko errespetua, onartzen gauzak egun diren bezala izanik emakumeok jarraitzen dugula faktura hori ordaintzen, adierazten behin betiko helduko diotela kontu horren konponbide benetako eta baliagarriari.

Baina ez, eraso egitera mugatu dira gehienak, gaitzestera eta mespretxatzera. Nik neuk, argazkirik nabarmentzekotan, Bescansaren alderdikide Errejonena azpimarratuko nuke: ama-diputatuak hitza hartu eta esan beharrekoak esan bitartean, ahal bezala eutsi zion umea, baina eutsi zion. Halako jarrerak behar ditu aldaketak, hau da, emakumeoi ezarritako zailtasun eta ezintasunak iraultzeko orduan lankide, bikotekide, lagun, senide gizonezkoak gure ondoan egotea, esku hartzea, parte hartzea, jendarte honen gizonkeria elikatzeari behingoz utzita.