Tsai anderea eta erabakitzeko eskubidea
Irribarrea ere eragingo lukete, auzitan daudenak horren gauza potoloak ez balira, benetako arazoei iskin egiteko batzuetan erabiltzen diren eskolaumekeriak. Urrutirago gabe, iragan larunbatean Taiwanen egin ziren hauteskunde orokorren emaitzak epaitzerakoan Estatu espainolean aho batez erabili dena. Benetan, Tsai Ing-wen irabazlea emakumea izatean ote datza albistearen mamia? Bandaranaike anderearen garaietatik hona Asia Hegoaldean eta Ekialdean agintearen gorenera iritsi diren emakumeen kontaketa egin ondoren, hain azpimarragarria ote da Taiwanen ere hurrengo lehendakaria emakumezkoa izatea?
Ifrentzuari begiratuta: zergatik ez ote da ia aipatu ere egin «erabakitzeko eskubidea»? Horixe baitzegoen –eta dago, eta egonen da– auzitan Taiwanen hauteskunde hauetan. Eta etorkizunekoetan. Hango politikagintzaren botaharria horretantxe datzalako: ea Taiwanen etorkizuna bertan, eta bertan bakarrik, erabaki behar/ahal den... ala Txina erraldoi osoarena den erabakimena. Aferari dagozkion ñabardura, testuinguru eta indar-harreman guztiekin...
Asuntoa ez baita txantxetakoa. Egungo munduan egon daitekeen faila geopolitiko nagusiaren gain-gainean kokatuta dagoelako Taiwan. Baina kontzeptualki nahiko ulerterraza da, ez pentsa.
Tsai anderea subiranista ez ezik independentista da, aurtengo bere kanpainaren ardatza hori izan ez bada ere; Taiwanek de facto, Estatu Batuen bizkartzaintzari esker, duen independentzia hori de iure aldarrikatzeak lurrikara geopolitikoa abiaraz dezakeela badakielako; baina bere Alderdi Demokratiko Aurrerakoiaren ildoa oso argia da horretan. Aldiz, orain oposiziora joan beharko duen Guomindanga esan genezake gaur-gaurkoz independentista dela... baina ez subiranista; historiak ulertarazten du kontraesana dirudien hori. Eta, azkenik, Pekinek arazoari buruz duen jarrera “Txina Bakarraren Politika” deitzen dela esanda, askoz gehiago argitu beharrik ez dago...
Ez ote da hori askoz esanguratsuagoa geuretzat?

Sufrimenduaren zikloa ixteko etxeratzea, gazteenen eskaria

Bilbo se moja por el fin de la «injusta legislación de excepción» carcelaria

«El algoritmo se ha erigido en una arma de guerra»

A Xabi Alonso y al Real Madrid se les rompió el amor de tanto usarlo
