GARA
DAVOS

Britainiarrek EB utz ez dezaten diskurtso ugari Davosen

Suitzako Davos hirian elkartuta dauden Europar Batasuneko agintari batzuek Britainia Handiak EB Europar Batasuna utz ez dezan konpromisoa agertu zuten atzo. Cameron lehen ministroak, ordea, blokean jarraitzeko akordio egokia adostu behar dela esan zuen.

David Cameron Britainia Handiko lehen ministroak ez dauka presa handirik eta gainerako estatuetako agintariek hondamendi moduan ikusten dute «brexit» izena eman dioten aukera. Atzo Cameronek Davosen esan zuenez, Europar Batasuneko bazkideekin akordio egoki bat adostu nahi du eta hitzordu horretan lortzen ez bada, beste batean lortuko da.

«Britainia Handia EBtik irteten ikustea drama bat izango litzateke», adierazi zuen Manuel Valls lehen ministro frantsesak. «Hondamendia izango litzateke», esan zuen, bere aldetik, Wolfgang Schauble Alemaniako Finantza ministroak.

François Hollande frantziar presidenteak ere aipatu zuen gaia Parisetik. Britainiarrak europar blokean jarraitzearen aldekoa dela berretsi zuen, baina aldi berean euroguneak aurrera egitea nahi du.

Proposamenak atzeratu

Atzo bertan Marianne Thyssen Europar Batzordeko Lan komisarioak onartu zuen, britainiarrekin egiten ari diren negoziazioen eraginez, Europar Batasunaren barruan langileen mugikortasuna areagotzeko proposamena atzeratzen ari dela, eta Bruselak dio proposamen hori aurrera ateratzea ezinbesteko dela langabeziari aurre egin nahi bazaio.

David Cameronek erreferendum prozesu bat jarri du abian britaniarrek erabaki dezaten Batasunean jarraitu ala ez.

Kontsulta hori egin aurretik, lehen ministroak blokean segitzeko baldintzak berriz negoziatu nahi ditu. Davosen esan duenez, bazkideek berak eskatzen dituen erreformak onartuz gero, erreferenduma aurten bertan egin daiteke. Kasu horretan, Cameronek berak baiezko botoa emateko eskatuko die britainiar boto-emaileei.

Frantses Estatuko diplomazialari batek AFP agentziari esan dionez, Londresen eta Parisen arteko akordioa erraza izango litzateke gai batzuetan, esaterako, EBren beraren sinplikazioari dagozkion gaietan. Baita «lehiakortasuna indartzeko eta barne merkatuari oztopoak kentzeko» asmoarekin lotuta dauden neurrien inguruan ere. «Beste gai batzuk askoz ere zailagoak dira: eurogunearen eta EBko beste estatuen arteko artikulazioa. Garrantzitsuena euroguneak bere integrazio prozesuarekin jarraitu ahal izatea litzateke».

Europar Batasunetik Britainia Handira joaten diren migranteei eman beharreko giza laguntzen inguruan ados jartzea zaila izango dela dirudi. Cameronek nahi du langile horiek lehen lau urteetan laguntzarik ez jasotzea. Uste du horrelako neurri batekin britainiarrek errazago onartuko dutela blokean jarraitzea.

«Europarren mugimendu askatasuna eta inor ez baztertzea bezalako oinarrizko balioen inguruan ez da konpromisorik izango», jakinarazi zuen Donald Tusk Europar Kontseiluko presidenteak, Cameronek sekulako garrantzia ematen dion puntuaren inguruan.

Europar Batasunak otsailean egitekoa duen gailurrean azter litezke Londresek mahaiaren gainean jarritako proposamenak, baina Manuel Vallsek uste du «denbora gehiago beharko dela» gauzak behar bezala edukitzeko. «Ez dut presarik», erantzun zion Cameronek.

Mark Rutte Herbehereetako lehen ministroak (txandakako Presidentetza dagokio) adierazi zuen bera optimista dela otsailean egin beharreko bilera horri dagokionez.