HOTELEK BERTAKO PRODUKTUAK EMANEN DITUZTE, BALIOAN JARRIZ
URDAIAZPIKOA, GAZTA, SAGAR ETA KIWI IKUSGARRIAK, ZUKUA, JOGURTAK, TXOKOLATEA... KAFEA KENDUTA, DENA BERTAKOA. ASTORIA 7 HOTELEAN GONBIDATUENTZAT ATONDUTAKO MAHAIAK ITXURA EDERRA DU. DONOSTIAKO BEDERATZI HOTELEK –ETA BATZEN DIREN GUZTIEK– ESKAINIKO DITUZTEN GOSARI ETA MENUEN ERAKUSGARRI DA.

Zero kilometroko (edo zerotik ahalik eta hurbileneko) produktuz hornitutako gosariaren bueltan bildu ziren atzo, Donostiako Astoria 7 hotelean, Udaleko Sustapen Ekonomikoko kideak, Ernesto Gasco zinegotzia buru, Gipuzkoako ostalarien eta hotelen elkarteetakoak eta janari goxo hauek ekoizten dituzten baserritarrak. Elikadura osasungarria, hurbiltasuna, mimoa eta kalitatea erakutsi zituzten, baita berezitasunarekin turistak erakarri eta bertako ekonomia bultzatzeko gogoa ere.
“Zero Kilometro Hotelak” ekimen berria aurkeztu zuten, bertako produktuek hoteletara salto egitea ahalbidetu duena. Lehen pausoa eman dute hotelak eta ekoizleak elkartuz eta zabaltzen diren aukerak izugarriak dira. Hiriko bederatzi hotel entzutetsuk bat egin dute, tartean Astoria 7k, Maria Cristinak eta Silken-Amara Plazak.
Azken honetan abiatu zen proiektua. Sustapen Ekonomikoko zinegotzia harremanetan jarri zen hotelarekin esperientzia pilotu bat egiteko eta bertako arduradunek eta ekoizleek elkar ezagutu zuten. Gaur egun hotelak bere menuan bertako jakiekin prestatutako platerak ematen ditu.
Ekoizle eta hotelei deia
Aurreneko esperientzia on horren ondotik, Guztiona Nekazaritzako Elikagaien Klusterra Gipuzkoako Hotelen Elkartearekin eta Gipuzkoako Ostalarien Elkartearekin bildu zen eta hala zabaldu zieten atea Donostiako gainerako hotelei. Ateak irekita jarraituko du, bai hotelentzat eta bai ekoizleentzat.
Momentuz honako ekoizle eta elkarteek hornituko dituzte gosari eta menuak: Lurrarte, Lur Lan, Goenaga Yogur, Igeldoko Esnea, Maisor, Karabeleko Etxaldea, Gurutzeta Sagardoak eta Bordaxar baserria.
Zukua edanez, sagarra hozkatuz edo gazta puska bat eskuetan sortutako borobiletan komunikazioaren gabezia eta garrantzia ziren mintzagai. Lur Lan egoitza Asteasun duen baserritar elkarteko ordezkariak, Irantzu Gallegok, hala esplikatu zuen: «1996an jaio zen elkartea, ekoizleen talde bezala, merkatuan indarra hartzeko. Gure helburua ahalik eta jende gehienari hurbilen dituen produktuak helaraztea da. Oso zaila da. Ekoizle txikia ñimiñoa da hoteletako makineriaren ondoan».
Ikusgarritasuna behar
Gallegok erantsi zuenez, urteak zeramatzaten ostalaritzan sartu nahian, baina nekeza egiten zitzaien, «ez delako erraza bertako produktuaren garrantzia ikusgarri egitea». Pintxoaren adibidea jarri zuen: kolorea baloratzen da, zaporea... baina nola erakutsi bertakoa izateak ematen dion balioa eta kalitatea? «Berritasuna da behingoz ikusgarritasun eta garrantzia hori babes dezakegula eta jendeari esan produktua ona dela eta bertakoa dela».
Antton Olaizola Lurrarteko zuzendaria erabat ados agertu zen. «Lehenbiziko pausoa ez da erraza izaten, batez ere komunikatzen ez denean. Hori da gure asmoa: aurrena bertako produktuak balioan jartzea eta gero, ekoizle bezala, banaketa profesionala egitea, freskoa eta azkarra, batez ere fruitu eta barazkiekin».
25 urte daramate Añorga Txikin sagar eta kiwiak ekoizten, baina Lurrarte marka berria da, komunikazioan aipatutako jauzia emateko baliatuko dutena. Izan ere, Olaizolak baieztatu zuen ekoitzitako guztia saltzen dutela, baina badagoela hobeki saltzea eta nekazaritzan ez dela nahiko landu komunikazioa.
Ondoan entzuten zegoen Josu Esnal Lurrarteko komunikazio arduraduna elkarrizketan sartu zen eta azaldu zuen markaren izenak baserria hirira hurbildu nahia adierazten duela. Gune bat jarriko dute Añorga Txikin produktuak eta egiten duten lana ezagutarazteko. Bestalde, Baserritik.com-en bidez jada martxan duten banaketa zerbitzua aprobetxatu nahi dute hoteletara iristeko.

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
