«Futbolean jokatzeko Leganes oso talde gustagarria da»
Alain Eizmendi 25 urteko beasaindarra da. Realeko harrobian hazi eta hezitakoa da, bigarren taldera iritsi arte. Ondoren Athleticera joan zen, baina Lehen Mailan estreinatu gabe utzi zuen hura Eibar taldera joateko. Urte bat Ipuruan, eta Lehen Mailara igo zen, baina ez zuen jarraitu, eta Leganes taldera joan zen. Bere anaia Eneko ere futbolaria da, eta bere aita eta osaba ere horrelaxe izan ziren.

Alain Eizmendi Euskal Herriak gaur egun Lehen Mailan dituen hiru taldeetan aritu da, baina ez Athleticek, ez Realak eta ez Eibarrek ez diote eman oraingoz maila nagusian jokatzeko aukerarik. Beasaindarrak aurrera egin du, eta Leganes taldean ari da, Bigarren Mailan. Ohikoa izan da Asier Garitano entrenatzailearen hamaikakoetan, baina lesio bat dela medio geldirik egon behar izan du. Berriro itzuli da zelaietara, baina orain postua irabazi beharko du.
Nola doa denboraldia Leganes aldean?
Oso ongi. Gauzak ongi doaz, emaitzak onak direlako, eta horrek beti laguntzen du. Giro ona daukagu gure artean, eta hori ere garrantzitsua da. Bi urte daramatzat hemen jokatzen, eta egia esan, bi urteak oso onak ari dira izaten.
Pertsonalki nolakoa ari da izaten urtea?
Ez nago kexatzeko moduan. Hasieran dena jokatu nuen, baina gero lesio bat izan nuen, ez oso larria, baina bi hilabetez geldirik egon behar izan dut. Berriro hasi naiz deialdietan sartzen, eta azkeneko minutuetan berriro ere jokatzeko aukera izan dut. Gauzak ongi doaz, taldea lan ona egiten ari da, eta normala da orain jokatzen ari direnek jarraitzea. Nik lanean jarraitu beharra daukat, eta ditudan minutuak baliatu berriro ere hamaikakoetan izateko aukera hori berreskuratzeko.
Mailari eustea ahal zen aurreneko helburua?
Bai, Bigarren Mailan jarraitzea zen Leganes taldearen aurreneko helburua, baina denboraldiak talde bakoitza bere lekuan uzten du, eta orain oso ongi kokatuta gaude. Hala ere, aurreneko helburua mailari eusteko adina puntu lortzea izan behar da, eta gero hasi pentsatzen beste helburu batzuekin. Oraingoz gauzak primeran doaz, eta honi eusten saiatu behar dugu.
Horren orekatua al da Bigarren Maila?
Bai. Uste dut denek gauza bera esaten dutela, baina horrela da. Bigarren Maila oso orekatua da, hemen edozeinek edozeini irabazten dio, baina galdu ere bai. Bi edo hiru partida jarraian irabazi eta goian sartzen zara, baina beste horrenbeste galtzen badituzu, behean sartzen zara. Gainera, oso luzea da; beraz, ez dago une batez ere lasaitzerik, beti aurrera jarraitu behar da, bestela emaitza onak bezalaxe txarrak ere jarraian izaten baitira.
Zeintzuk dira zure iritziz Bigarren Maila horretako talderik indartsuenak?
Sailkapenak gutxitan engainatzen du, eta niretzat Alaves eta Cordoba dira bi talderik onenak, eta zuzenean igotzeko faborito nagusiak ere bai. Gero beste talde batzuk ere badaude, lehen esan bezala denen artean aldeak oso txikiak baitira. Valladolid taldearekin ere, kontuz. Hasi ez zen ongi egin, baina niri oso talde ona iruditzen zait, eta gorako bidea hartuta dago.
Leganes Madrilgoa izanda, erraza al da futbolean leku bat egitea?
Baietz uste dut. Egia da han aurrena Real Madril dela, eta gero Atletico de Madril; bi talde hauek eramaten dute ia dena, eta zalerik gehienak ere euren aldekoak dira, baina gainerako taldeentzat ere badago lekua. Leganes bera ere hiri handia da, eta jarraitzaile asko ditugu. Sarrera onak izaten ditugu gure estadioan, eta alde horretatik ere ez gaude kexatzeko moduan. Badakigu non gauden, eta aurretik zer daukagun, baina Leganesek ere baditu atzetik jarraitzaile fidelak.
Eta komunikabideen aldetik, geratzen da zuentzako tarterik Madrilen?
Bai. Madril handia da, eta komunikabide asko daude. Talde apalagoek ere badituzte euren komunikabideak, eta badugu gure tartea. Egia da bi talde handi horiekin alderatuta gureek ez daukatela zerikusirik, baina badugu geure lekua, eta alde horretatik ere ez dago kexatzerik.
Nolakoa da Leganesen aldagela?
Oso batua, eta hori garrantzitsua da. Talde honi gauza askotan Eibarren tankera ematen diot. Ez aldagelako giro aldetik bakarrik, baita taldearen egituran ere. Diru aldetik ongi dago, baina ez du dagoena baino gehiago inoiz gastatzen. Talde oso gustagarria da.
Eta Asier Garitano entrenatzailea?
Gertukoa. Aurretik jokalaria izan da, eta hori nabaritzen da. Hiru urte daramatza Leganesen, eta bere zenbakiak oso onak dira. Aurreneko urtean taldea Bigarren Mailara igo zuen, eta iaz maila mantendu. Aurten ere, oraingoz, oso ongi darama. Oso entrenatzaile ona da.
Euskal Herriak Lehen Mailan dituen hiru taldeetan aritu zara, baina inork ez dizu eman Lehen Mailan jokatzeko aukerarik. Zergatik?
Ez dakit merezi izan dudan edo ez, baina gauzak horrela joan dira. Denon ilusioa da Lehen Mailan jokatzea, baina ez nuen aukera hori izan, eta beste leku batean topatu behar izan dut lekua. Azkenean ez zuten ikusi talde horietan nik goian jokatu nezakeenik, eta horrela beharko du.
Eibarrekin Lehen Mailara igotzeko lorpenaren ostean han ez jarraitzeak pena handia emango zizun, ezta?
Dudarik gabe. Urtea oso ona izan zen zentzu guztietan, eta azkenean Lehen Mailara igotzea lortu genuen. Oso denboraldi ona eta gogoangarria izan zen, eta han geunden guztioi gustatuko zitzaigun Lehen Mailan jarraitzea, baina bagenekien denek ez genuela jarraituko, eta horietako bat izan nintzen. Pena ematen dizu, baina oraindik oso gaztea naiz, eta aurrera begiratu beharra zegoen. Leganesen aukera iritsi zen, eta hemen ere oso gustura nago.
Leganesen jarraitzea gustatuko litzaizuke?
Ez da leku txarra, baina ez dago nire esku bakarrik. Ekainean amaitzen dut kontratua, eta ez da nik nahi izatea bakarrik. Han dauden teknikariek ere nik jarraitzea nahi izatea beharrezkoa baita. Oraindik denboraldia amaitu arte asko falta da jokatzeko.

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén
