Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren «tributeak»

Tribute taldeen gorakadak goragaletzeraino eramango gaitu. Katalunian tribute zaparrada herriko jaietan sustraituta dago. Ba al du tribute-gorazarre taldeen filosofiak EHko plaza-taldeekin loturarik? Finean, singlez jositako kantu zerrenda jo ohi baitute. Nahiz eta kantu ezagunekin bete euren ekitaldia, plaza-taldeetan ez dago ordezkapen artistikorik, garai bateko tabernetako jukebox lana egiten dute. Nortasun lapurreta, suplantazio artistikoa, miresten den talde baten aprobetxamendu estetiko, kultural eta ekonomiko bihurtu dira tributeak.

Norberak ez duenean bere kantuekin ezer lortu, errazena da besteen ibilbide laudatuenak erabiltzea edo interpretatzea txalo adina txanpon jasotzeko. Hori nekrofilia artistiko eta kulturala da. Munta gutxiko ekarpen transmititzailea, baina, ba ote da? Jatorrizko taldeak sorturiko zirrarekin trafikatzea bezala da etekinak ateratzeko. Talde batek eraikitako ibilbide musikala fidelizazio kanpaina izugarri baten ondorioa da: promozioa, elkarrizketak, zuzeneko ekitaldiak. Edozein sortzailek ez daki alimaleko kantuak egiten, jendearen gustukoak. Ibilbide musikala eraikitzea ez da gauerdiko eztula. Artea sortu, pentsamendua landu, kantuei bizitza eman, hitzak idatzi. Eta tribute taldeak besteak izan duen fidelizazio hori baliatzen du sortzailea ordezkatu edo lekua hartzen duenean. Mitomania inbaditzailea da. Agian industriak bultzatuta, miresmen sukarrak eraman ditu interpretatzaileak tribute taldeak sortzera eta, baita, norberaren onurak ere.