J.L.
PILOTA

Ducassouk eta Bilbaok finala jokatzeko txartela dute jokoan

Astebeteko atzerapenarekin dator Berezkoen Buruz Buruko bigarren finalerdia. Berez aurrenekoa zen, baina joan den asteburuan hezetasuna zela-eta ezin izan zuten jokatu, eta gaur izango dira aurrez aurre Bilbao eta Ducassou Arrangoitzeko trinketean, 20.00etan.

Ikusmina piztu du finalerdi honek eta astebete atzeratzeak ez dirudi eragingo dionik. Partida oso erakargarria da, eta irabazten duenarentzat ere saria potoloa da, finalean aritzeko txartela lortuko baitu. Jadanik harako sailkatuta dago Larralde, eta bera ere gaur Arrangoitzen izango da bere aurkaria izan daitekeenaren lana ikusten.

Battitte Ducassou aterako da garaipena lortzeko faborito. Superprestigioko finala galdu egin zuen joan den abenduaren amaieran, eta  Buruz Burukoarekin ez du gauza bera gertatzerik nahi. Bera da faboritoa, eta presiorik handiena ere bere gain izango da. Bilbao ere ohituta dago finalerdietan sartzen eta dagoeneko final bat jokatzeko gogoa ere badu.