Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Introspekzioak eta gerrako izua, Woolf eta Malaparteren lumatik

Elkar, Igela eta Erein argitaletxeek literatura unibertsala euskarara ekartzen egiten duten ahaleginak beste bi fruitu eman ditu: Virginia Woolfen «Farorantz» eta Curzio Malaparteren «Larrua». Anton Garikano eta Jose Ramon Vazquezek itzuli dituzte, hurrenez hurren. Lehenak gizakiaren erraietarako bidaia dakar; bigarrenak, aliatuek hartutako Napolirakoa.

Virginia Woolfen mundu introspektiboa eta Curzio Malapartek «gerrako izurriak» deskribatzeko zuen era euskarara ekarri dituzte Anton Garikanok eta Jose Ramon Vazquezek. Lehena Elkar argitaletxearen Urrezko Biblioteka bildumaren barruan argitaratu da eta bigarrena, aldiz, Igelak eta Ereinek elkarlanean osatzen duten Literatura Unibertsala atalaren barruan. Biek hala biek jaso dute Eizieren eta Lakuako Gobernuko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren laguntza, eta batera aurkeztu zituzten atzo, Donostian egindako agerraldi batean.

Garikano izan zen orain ia bi hamarkada Woolfen “Farorantz” euskarara ekarri zuen lehena eta, orain urtebete obraren berrikuspena egitea proposatu ziotenean, asmoa harriduraz hartu zuela onartu zuen: «Gero pentsatu nuen berak ere behin eta berriro idazten eta berridazten zituela testuak, izenburuak ere aldatzen zituen...» eta animatu egin zen. Hala, hizkuntza aldetik gaurkotuagoa eta «egungo irakurleari egokitutakoa» dagoen bertsioa osatu du.

Ramsay familia eta Lily Briscoe dira Woolfek 1927an argitaratu zuen “To the Lighthouse” eleberriko protagonistak. Aipatu sendiak Eskozian duen oporlekua agertoki hartuta, hamar urteko aldean pertsonaiek izan duten eraldaketa du hizpide eta, batez ere azken eleberrietan ohi zuen bezala, Woolfek gertakarietara baino landu zituen pertsonaien barne-mundura darama irakurlea. Kasu honetan, obrak karga biografikoa ere badu. «Esan izan da Lilyk bere burua islatzen ote zuen. Virginiak ahizpa zuen margolaria, berak ere gertutik jarraitu izan zuen beti mundu hori. Lilyk hasten du liburua mihisea aurrean duela, eta liburu osoan ari da margoa bukatu ezinda; Virginia ere hala ibili ohi zen. Azkenean, azken ukitua eman eta bukatutzat ematen du koadroa», kontatu zuen Garikanok. Estilo aldetik, autoreak adierazteko zuen modua eta metaforen erabilera aintzat hartuta, eleberria prosa lirikotzat hartua izan dela nabarmendu zuen: «Sartzen da pertsonaien barruraino, haien kezka, nahigabe eta itxaropenak agertzen ditu, pertsonaien psikologia aztertzen du. Berak erakutsi nahi duena da nola nagusitzen den isiltasuna, ze arazo ditugun ondokoarekin komunikatzeko».

Gaurkotasuna

Woolfen ideiek duten gaurkotasuna ere azpimarratu zuen Garikanok. Besteren artean, Londresen jaiotako idazleak jendartean gizonezkoek duten nagusitasunarekiko kritika eraman zuen literaturara, «batez ere hezkuntza alorrean. Bere bi anaiak unibertsitatera joan ziren eta berak ikasketak bere kabuz egin eta era autodidaktan ikasi zuen. Botere legal eta ekonomikoak gizonen esku zeudela salatu izan zuen», azaldu zuen.

Igelako editore Xabier Olarra izan zen Curzio Malaparte-ren “Larrua”-z hitz egiten lehena. «Zortea dugu liburu hau, gaurkotasunik galdu ez duena, irakurtzeko aukera dugulako. Irakurketa atsegina da, nahiz eta bertan kontatzen direnak gauza latzak izan», esan zuen. Narrazioan, Malapartek 1943an aliatuak Napolin sartu zirenean gertatutakoaren kronika egiten du, eleberri formatuan.

Liburuaren itzulpen lanak egin dituen Vazquezek gaineratu zuenez, Toscanako idazleak –benetako izena Kurt Erich Suckert zuen– «gerraren izuari» eskaini zizkion hiru liburuen artean bigarrena da “Larrua” eta 1949an Italian argitaratua izan zenean zein urtebete beranduago Estatu frantsesera iritsi zenean, gogor gaitzetsia izan zela ekarri zuen gogora: «Eliza katolikoak liburu debekatuen indexean sartu zuen eta hainbat italiar ospetsuk, antipatriotiko eta moralgabea zela iritzita, gogorki kritikatu zuten». Denbora pasatu ahala, «gaitzespen garratzak» eta «laudorio sutsuak», bietatik jaso izan ditu eleberriak eta, hala, XX. mendeko literatur lan onenen artean sartzeaz gainera, liburua «XX. mendea hobekien irudikatzen duen eleberria dela uste duenik ere bada», azaldu zuen Vazquezek. Olarrak zehaztu zuen gerraren bortizkeriak ez ezik, «askapenaren ondorengo lazgarritasunak» ere garrantzia dutela kontakizunean.