Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Oilategia, periferikoa

Oilategia albiste! Ez, ez nago politikaren zelaian izan daitekeen hegazti-gripe mota berri batez, ez horixe. Gure behean, hegorantz begira, den Estatu antzeko horren Kongresu hartakoaz nago. Hango oilategiaz. Oiloez baino tegiaz gehiago, espazioaz. Izan ere, gauza jakina da halako instituzioetan, hauteskunde gauak utzitako zenbakiak zenbaki, zenbat aulki hainbat jarleku, espazioan banatuak. Hortaz, idatzitako legez, hautetsiek jarleku bana. Eta boto bana ere, hango matematika ariketetan. Tira, natorren harira! Aparte utzita halako instituzioen gaineko nire iritzia, horien izanaz eta distantziaz, gauza bat argi daukat, hango jarleku guztiek dutela duintasun gradu bera, jarlekuak hartzen duen ipurdiari lotutako burua alde batekoa zein bestekoa izan, eta jarlekuaren kokapena alde batean zein bestean izan. Maila berean beraz, alturaz gain. Hala ere, batzuen ustean, erdeinuz esanda kasik, oilategia ei da ganberako goiko jarlekuen espazio hura, eskaileratan gora den hori; komunen gertukoena, portzierto! Nonbait behekoak, eta erdikoak, ei dira duinenak. Seguruenik, telebista kamerek duten angeluak, matematikaren partea bera ere, badu ustean eragina, pantailazale direnentzat. Argigarria zait barruko espazioa ulertzeko modu hori, kanpoko lurraldea ulertzeko argibidea izan daitekeelakoan: aldaketarako politikaren espazioa zentroan ei dago, han, periferiak oilategia ei direla. Amen.

Bitartean, hango Estatuak gobernurik ez. Hau kolpea! Inertziaz goberna daitekeen seinale! CUPen errekorra gainditzeko bidean da hango erabakia, baina asanbladarik gabe. Arazoa inertziaren norabidea da. Eta hori aldatzeko ganorazko gobernua behar da, denbora baterako behintzat. Han den Estatuan izan edo hemen ez den Estatuan izan. Gobernantza berriko gobernua.