Sunbilla jendez eta irriz bete da zirku ero batean
Hiru egunetako inauteriak borobildu zituzten atzo sunbildarrek eskualdean arrakasta handia duen karrozen desfilearekin. Benidormera doazen jubilatuen abenturak partekatuz eta Eguzkiaren Zirkuko trapezista baldarrarekin irriz lehertuz, herria bete zuen jendea show-aren parte izan zen.

Sunbillara hurbildu ahala auto ilarak sortzen hasten dira. Trafikoan ere sumatzen da badela zerbait desberdina Malerreka aldean. Auto pilaren ondoan bide bazterrean ahal den bezala aparkatu eta herrira sartzean hartuak daude izkina eta altuera guztiak. Batez ere eskualdeko jendea da, adin guztietakoa, begiak zabal-zabal urtez urte alaitzen dituen karrozen desfilea ikusteko. Kotxez ez ezik, mendiz ere inguratu dira inauterizaleak ohitura bilakatu den zitara.
Txoko bat bilatu eta han ikusi ditugu lehenbiziko orgak. Ezagunak dira, tradizio handikoak. Mari Jose eta bere lagunek 27-28 urte daramatzate hezur salda banatzen. 600 litro prestatu dituzte oraingoan ere eta fresko egiten duenez hagitz gustura hartu dituzte bisitariek edalontzi beroak. Ohi bezala, taloa eta gazta, ardoa eta tortilla ere eman dituzte.
Hauen gibeletik txerri bat eta bildots bat doaz kaiola banatan. Inguruan txartelak saltzen dabiltza, amaieran zozkatzeko.
Saltsa guztien perrexila
Eguzkiaren Zirkua Gasteizetik Sunbillara etorri da. Hemen dira tigreak eta domatzailea, baita pailazoak ere. Baina begirada guztiak erakartzen dituena trapezista potxola da, ipurdi bistan kolunpioan baldar dabilena. Ines Orbegozo da, zirkuko izar nagusia, jendea irriz eta txaloka jartzeko gaitasuna duten inauterizale horietakoa.
Guraso elkarteko kideek eta umeek osatzen dute zirkua. Guztira 49 lagun dira. Maider Petrirena pailazoetako bat da. Kontatu digu igandean soilik ez, ostiralean eta larunbatean ere mozorrotu zirela. Lehenengo egunean mexikarrez atera ziren haurrak eta 98 kide bildu ziren emakumeen afarian. Hurrengo egunean, diskofesta izan zuten umeek Ulibeltzak elkartean.
Zirkuaren ondotik datorren orga ez da algara gutxiago egitekoa. Benidormera doan autobusa da, erretiratuz betea. Ordu aunitz irauten dituen bidaian nahaste-borrastea handituz doa. “Pajaritos” 1981 inguruan boladan egon zen abestia dantzatzen dute. Batek orinala darama gerrian, bertze bat atxiska ari da etengabe eta mukiz betetako sudur zapi laukiduna astintzen du ingurukoak zipriztinduz.
Atzean, maleta pila daramate, zein baino zein antigualekoagoa. Hara, gurpildun aulkian eskapa egin du xahar batek. Bertze batek ere bai taka-takarekin. Jende artean nahasi eta dantzan hasi dira ipurdiak ukitzeko aukera baliatuz. Emakumeek gorri-gorri dute musua, ezpainetako guztia zabalduta. Halere, ispilu txikia atera eta margotzen segitzen dute.
1981ekoa da “Verano azul” telesail mitikoa ere, gurean jarraitzaile fidelak izan zituena. Bertako musika aditu orduko hasi dira telesaila ikusi zutenak oroitzapenak konpartitzen eta gazteenei kontatzen. Txankete, Piraña, Pancho, Tito, Bea... denak datoz bizikletan. Gibelean dituzte “La Dorada 1” itsasontzia eta hondartza.
Orga guztietan dabiltza dantzan eta kantari: Egiptokoan, Cadizekoan, ijituen furgonetan, Masai tribuarenean, Saloon eroan... baita moja eta fraide gaz teen komentuan ere. «Bada fede a», komentatu du ikusle batek. «Bai, egun batekoa», erantzun dio ondokoak irriz. Bazkalorduan, Ulibeltzak elkartean segitu du bestak. Bukatzean, zubietar eta iturendarrei pasatu diete lekukoa.

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén
