GARA
GASTEIZ

Arartekoak energia pobrezia ekiditeko neurriak hartzeko eskatu die instituzioei

Pobrezia energetikoa ez dago soilik pertsonen egoera ekonomikoarekin lotuta, etxebizitzaren ezaugarriekin eta zerbitzuaren kostuarekin ere zerikusia dauka. Egoera zail hori ekiditea du helburu Arartekoak.

Manu Lezertua arartekoak etxe guztietan oinarrizko elektrizitate eta gas horniketa ziurtatzeko neurriak hartzeko eskatu die erakunde publikoei. «2014an, 235.000 pertsonak baino gehiagok izan dute etxean tenperatura egokia mantentzeko arazoa. Fenomeno horri energia pobrezia deritzo», azaldu du.

EAEko Herritarren Defendatzaileak gomendio orokor bat plazaratu du, energia pobreziari buruzko gizarte eztabaidarako oinarriak jarriz, arazoa ezagutu eta ekiditeko. Dioenez, administrazioak, zerbitzu publiko diren unetik, «derrigortuak» daude energia horniketa eten ez dadin «mekanismo legalak» abian jartzera, batez ere negu garaian.

«Energia baliabideen eskasia ez dago lotuta pertsonen egoera ekonomikoarekin bakarrik», ohartarazi du. «Energiaren beharra estu lotuta dago etxebizitzen baldintza objektiboekin» eta energia zerbitzuekin, argitu du. Hainbat faktore aipatzen ditu, hala nola etxebizitza mota, materialak, isolamendua eta zerbitzuaren kostuak.

Izan ere, «energia pobreziak ez die eragiten errentarik txikieneko pertsonei soilik, baizik eta gehiegizko energia gastua egiteko arriskuan dauden beste talde batzuetara ere heda ditzake bere ondorioak –zehaztu du–, eta arrisku hori eragiten dute eraikuntza baldintza txarrek edo energiaren gehiegizko kostuak».

Zer egin

Gaiaren inguruan estrategia bat presta dezatela eskatu die instituzioei: «Estrategia horretan aintzat hartu behar dira orain arte gai horretaz egindako arauetan ezarri diren printzipioak eta zerbitzu publikoa egiteko betebeharra».

Neurrien artean proposatu du energia pobreziaren aurka borrokatzeko plana eratzea eta arazo hori pairatzeko arriskuan dauden kontsumitzaileak definitzea. Ahulenak babesteko bidean, horiei hornidura bermatzea garrantzitsua da, baita informazio egokia ematea ere. Etxe eta eraikinetan energia eragingarritasuna hobetzeko neurriak ere aipatzen ditu, tartean energia ikuskapenak eta babes publikoko etxebizitza multzoak aztertzea. Azkenik, gizarte politikak erabiltzea, egoera horien ondorioak arintzeko.