Joareen hotsak Zubietatik Iturenera, eta bueltan
Zubietako joaldunak Iturenera joan ziren atzo eta gaur Iturenekoek bisita itzuliko diete. Gerrian loturiko zintzarri handiak astinduz, herri batetik bestera joaten dira, eta iristean, beste herriko joaldunekin elkartu ostean, hamarretakoa hartzen dute. Inauteriak gertu daudela iragartzen dute zintzarri hotsek, naturarekin lotura estua duen tradizioa beste behin biziberrituz. Gurean bakarrik ez, Europako beste leku askotan ere antzerako ohiturak daude.

Inauteriak Euskal Herriko txoko askotan ospatzen dira biziki. Leku bakoitzean ohitura bat dago eta deigarrienen arteko bat da Zubieta eta Ituren herrien artean antolatzen duten festa. Protagonistak joaldunak dira.
Zubietako joaldunak Iturenera joan ziren atzo goizean, ohitura den bezala, mozorro eta karrozek lagunduta. Hango joaldunekin elkartu ziren Latsagako Zarandia parean eta haiekin batera herriari itzulia eman zioten zintzarrien hotsa lau haizetara zabalduz.
Joaldunek aperitiboa hartzen zuten bitartean, urtero bezala ikusle andana bildu zen Iturengo plazan beren antzezpena egin zuten karroza bakoitzak eta mozorroek, joaldunek uxatu baino lehen. Gaur Iturengoek bisita itzuliko diete zubietarrei.
Mozorroaren xehetasunak
Nahiz eta Zubieta eta Iturengoek «joaldun» hitza erabiltzen duten, bertatik kanpo bestelako izenak ere entzuten dira. Izan ere, joaldunak gurean zabaltzen ari dira eta herri desberdinetan taldeak antolatzen hasi dira. Joare izeneko zintzarri erraldoiak gerrian loturik astintzen dituztenak dira joaldunak.
«Zanpantzar» ere esaten zaie, baina berez, izen hori inauterietako pertsonaia izendatzeko erabiltzen zen lehen, hau da, lastoz betetako panpina handia, inauterien ostean erretzen zena. «Ttuntturro» izena ere erabiltzen da, baina hori ez dago joarearekin lotuta, inauterietako hainbat pertsonaiak daramaten txanoarekin baizik.
Joaldunek ere tunturroa daramate buruan, zinta eta luma koloretsuz apainduta. Lepoan zapia (gorria Iturenen eta Zubietan txikiagoa eta urdina) eta atorra zuria soinean. Gerri bueltan ardi larrua (Iturengoek bizkar gainean ere bai) jarrita, galtzen gainean gona zuria jantziz osatzen dute mozorroa. Joareak astintzen dituzte ibilera erritmiko eta pausatuarekin, eta eskuarekin zaldi buztaneko ilez egindako isipua.
Euskal Herriko ohitura esklusiboa dela uste dugun arren, antzerako agerpenak aurkitu daitezke Europan barna: Kantabrian, Asturiasen, Guadalajarako Almiureten, Bulgariako Perniken, Sardiniako Mamuthonesen, Suitzako Lötschentalen...

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa
